Ondare proban Atletik Klub Txiplau izan da garailea
Joan den igandean Hondarribiko Olinpiaden bosgarren proba gauzatu zuten. Alde Zaharrean ibili ziren gazteak Ondare probako jarduerak burutzen.
Joan den igandean Hondarribiko Olinpiaden bosgarren proba gauzatu zuten. Eguraldia lagun giro itzela sortu zen Alde Zaharreko kaleetan barrena.
Ondare probaren txanda zen, eta haren baitan bost jarduera burutu behar izan zituzten: Zapi-zapi jolasa; Hondarribiko ondareari buruzko galdera sorta; Trivial galderak; Argazkien proba eta Zubien proba. Azkena ez ezik, gainontzekoak hurrenkera ezberdinean gauzatu zituzten taldeek.
Ez ohiko Zapi-zapi jolasa prestatu zuten. Parte hartzaile bakoitzak Hondarribiko hizkeran idatzitako hitz bat zuen. Antolatzaileek hitz horietako baten sinonimoa esan eta zapiaren bila joan behar zuten esandako hitza zuten partaideek. Hondarribiko ondareari buruzko galdera sorten kasuan, adibidez, herriko pertsona famatuen izenak zituzten txosten bat banatu zieten, eta horiek zergatik ziren ezagunak ipini behar zuten. Trivialean Hondarribiri buruzko galderak asmatu behar zituzten. Zenbat eta gehiago asmatu orduan eta puntu gehiago eskuratu zituzten taldeek. Argazkien proban Alde Zaharreko 12 argazki zituzten txosten bat jaso zuten. Argazki batean, adibidez, leiho bat agertzen zen eta taldeek hura aurkitu eta leihoarekin argazki bat atera behar izan zuten.
Proba guzti horiek burututa heldu ziren zubiaren eta azken probara. Egurrezko makiltxoekin aurrez diseinatutako zubi bat eraiki behar zuten taldeek, eta horien erresistentzia maila ezagutzeko adreiluak jarri behar izan zituzten, banan banan, zubiak erditik puskatu arte. Atletik Klub Txiplau suertatu zen irabazlea. Adreilu bakarra geratu zitzaien jartzeke. Une honetan, gainera, sailkapen nagusiko liderrak dira ere, Faki ta Faki taldearekin berdinduta. Sailkapen osoa Hondarribiko Olinpiaden webgunean aurki daiteke.
Hona hemen jardunaldiko zenbait argazki: