Maiatzeko lehen igandean, III. Hondarribia 10K
Hondarribia puntarik punta zeharkatzen du Hondarribia 10K lasterketak, ibilbide zuzen eta maldarik gabekoarekin. Bidasoa Atletiko Taldea eta Deportes Gonzalez ditu laguntzaile eta babeslea.
Maiatzeko lehen igandean goizeko 10:00etan abiatuko dira Hondarribia 10K-n parte hartuko duten lasterkariak. Proba handiaren aurretik, baina, jardunaldiaren aurkezpena egin dute. Hondarribia 10K antolatzen den hirugarren aldia da. Lehen urtea 2019a izan zen, ondoren, Covid 19a heldu zen eta, bi urteko hutsunearen ondoren, 2022an antolatu zuten bigarren edizioa. Iaz, beste arrazoi batzuk medio, ezin izan zen antolatu. Aurtengo maiatzaren 5ekoa beraz III.na izango da. Urte guztietan bezala, babeslea Deportes Gonzalez izango da.
Lasterketa hau “oso azkarra” da, maldarik gabekoa eta zuzena oso”. 180º-ko itzuli bat dago, baina oso zabala da” azaldu du antolatzaile lanetan aritu den Aitor Lealek. Haatik, lasterketa homologatua dela jakinarazi dute. Era horretan parte hartzaileen markak erregistratuta geratuko dira. “Homologatzeko dirua inbertitu behar da, orduan lasterketa oso azkarra ez bada ez du zentzu handirik. Normalean homologatzen diren lasterketek izaera azkarra izaten dute”. Hondarribia 10K-ren kasua da hau. Horrenbestez aktuazio bizkorrak ikustea espero dute.
Ibilbidea honakoa izango da: Hondarribiko Atletismo pistatik irtengo da, Minatera kaletik, segidan Portua gurutzatu eta aireportuko errepidetik Amute auzora sartuko dira. Kosta kaletik jarraituko dute ondoren. Jarraian Zumarditik pasa eta Sabin Arana kaletik Kai Berrira helduko dira. Bertako parkingean 180º-ko itzulia egin ondoren Atletismo pistan izango da helmuga.
Antolatzaileen ideia lasterketa azkarra izatea da eta jendeak beren markarik onenak lortzea gustatuko litzaieke, baina guztiaren gainetik jendeak ondo pasatzea eta “festa bat bezalakoa izatea” nahi dute. Azken batean, “tradizio” bilakatzeko eta “mundu guztiak lasterketa hau korritu nahi izateko”. Orain artean 300 bat pertsona daude inskribatuta eta 450-500era iristea aurreikusi dute.
Probaren antolakuntzan BAT-en laguntza izan dute, bigarren edizioan bezala. Logistika lanez arduratuko dira Bidasoa Atletiko Taldeko 35 boluntario: bide gurutzeetan laguntzeaz, dortsalak banatzeaz, hornidura puntuez… Azken honi dagokionez aurten bi hornidura puntu egongo direla azaldu du Ibon Muñoz BAT-eko Kirol zuzendariak. “2022ko edizioan bero handia egin zuen. Kirolariek egindako eskakizuna da eta antolakuntzak hala ezarri du”. Gisa honetako lasterketetan 5. kilometroan izaten da hornidura puntu bat eta bakarra, 2024ko edizioan, ordea, 3. puntuan eta 7.nean izango dira puntu horiek.