Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa aurkeztu dute
Iaztik aritu dira plan hau idazteko lanketan. Horretarako gobernantza eredu parte hartzailea jarraitu du udalak.
Azken udalbatzan aho batez onartu zuten Hondarribian Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa. Haatik, atzo goizean planaren nondik norakoak azaldu zituen Garoa Lekuona Euskara zinegotziak.
Legealdi berri bakoitzean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuak bi plan gauzatzea agintzen du: Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa (herri mailakoa), eta Hondarribiko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa (udal barrukoa). Atzo herri mailakoa aurkeztu zuen hautetsiak. Bigarrena datozen hilabeteetan aurkeztuko dutela jakinarazi zuen.
Euskararen egoera herrian “oso txarra” dela esan zuen Lekuonak, eta segidan, Soziolinguistika Klusterrak emandako datuak eman zituen. 2021ean euskararen kaleko erabilera %16,3koa zen Hondarribian. Beste modu batera esanda, “Hamar pertsonatik bik ere ez zuten euskaraz egiten”. Beraz, neurtutako elkarrizketa gehienak, %75,3, gaztelaniaz izan ziren. Bestetik, azken bost urteetako erabilera datuei erreparatuz gero 8 puntuko beherakada izan da herrian. “Gure identitatea eta gure nortasuna kolokan dagoela ikusten dugu. Azken batean, euskara zainketa intentsiboetan dago”.
Herriko plan estrategikoa
Iaztik aritu dira plan hori idazteko lanketan. Horretarako gobernantza eredu parte hartzailea jarraitu du udalak. Herritarrekin eta herriko eragileekin elkartu eta Hausnarketa Batzorde bat sortu zuten. Azaroan, abenduan eta urtarrilean bildu ziren, aldiro-aldiro 15-18 herritar ingururekin. Datu hori nabarmendu zuen zinegotziak, kopuru hori mantentzea ez baita erraza izaten. Horregatik prozesuan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko probestu zuen aukera. Bilera horietan egoeraren inguruko hausnarketa egiteaz gain, planak jaso beharreko ildoak landu zituzten. Guztira 44 lan-ildo jasotzen ditu planak.
Ildo horiek Eusko Jaurlaritzak zehaztutako bost ardatz nagusiren bueltan gauzatuko dituzte: Gobernantza; Jarrerak eta motibazioak; Ezagutza eta gaitasunak; Erabilera eta elkarreragina; eta Komunikazioa.
Gobernantzari dagokionez, erronka euskararen normalizazioan laguntzea da. Horregatik, herritarrek lehenetsi duten jardueretako bat, udalak kaleratzen dituen diru laguntzetan hizkuntza irizpideak txertatzea da. Hau da, “hizkuntzaren trataera, Euskara sailetik harago, udalaren kudeaketan barneratzea”.
Jarrera eta motibazioei dagokienez erronka euskararen eta “gure hondarribiar euskararen” prestigioa areagotzea da, euskararen aldeko kontzientzia sortuz eta ahaldunduz, euskaraz hitz egin nahi dutenentzako ingurune “zainduak” sortuz.
Ezagutza eta gaitasunaren ardatzean euskal kulturaren transmisioa eta euskara irakasteko zein ikasteko aukerak indartzea da. Horretarako aisialdiko eremuetan jarri dute arreta: kirolean, tabernetan eta merkataritzan. “Euskara jende askok daki, %70ak baino gehiago. Arazoa erabilera da” zehaztu zuen Lekuonak.
Erabileraren eta elkarreraginaren erronka “oso handia” da; izan ere, “horretan gaude hankamotz”. Ardatz horren helburua da euskaraz bizi ahal izateko guneak indartzea eta berriak sortzea. Horregatik 44 ildoetatik puntu horretan hamazazpi zerrendatu dituzte. Honakoak horietako batzuk: ostalaritza, merkataritza eta aisialdi guneetan paisaia linguistikoa euskaraz izatea; kultura eta kirol elkarteetan euskararen erabilera bultzatzea; kirol entrenatzaileek (kiroldegikoak ere) euskara ezagutu eta erabili dezaten trebakuntza eskainitzea; mintzapraktika egitasmoak gauzatzea; Gurasoen aktibaziorako estrategiak bultzatzea; eta tokiko euskarazko hedabideak bultzatzea.
Azken ardatza, komunikazioa da, eta horrek barnebiltzen ditu plana ezagutzera emateko erronkak.
Euskara mahaia
Plana egikaritzeko eta ondoren jarraipena egiteko talde egonkor bat sortu zuten Hausnarketa Batzordean, Euskara Mahaia deitu diotena. Mahai horren talde eragilea udalak, Blagan Euskara elkarteak eta tokiko euskal hedabideek osatuko dute. Ondoren, lanketa lau arlo sektorialetan banatzea adostu zuten ere. Ostalaritza, merkatariak eta enpresak; aisialdia eta kirola; hezkuntza komunitatea; eta herritarrak. Arlo horietako eragileak Euskara Mahaian egotea da ideia.
Une honetan hezkuntza komunitatearekin lanketa egiten dira, eta maiatzaren amaierako astean deituko duten bileran emango dute lanketa horren berri. Aldi berean, ostalari zein merkatariekin geratuta daudela argitu zuen zinegotziak. Bilera horretan proposamenak kontrastatu eta beharrak jakin nahi dituzte. Uda honetarako helburu bat jarri du udalak: Hondarribian paisaia linguistikoa ezberdina izatea. Azkenik, aisialdiaren eta kirolaren sektorearekin lanean hasi ez badira ere, hasteko asmoa dutela azaldu zuen.
Euskara Mahaia urtean hirutan biltzea da asmoa. Lehen topaketa Hausnarketa Batzordearen lehen sorburua izan zen, bigarrena jarraipen bilera bat izango da, eta azkena, urte amaieran izango litzateke, “zer bete dugun eta zer beste erronkekin aurrera egingo dugun adierazteko”. Jarraipena egiteko UEMAko teknikariaren laguntza izango dutela gaineratu du Lekuonak. Haren bidez jarraipen zerbitzu “pertsonalizatua” egingo dute.