Emigrazio Eraikinaren ingurua berrurbanizatuko da
Basurko eta Anaka kaleetan egingo dituzte hobekuntzak, eraikinaren ingurua oinezkoentzako irisgarriagoa izateko.
Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Emigrazio Eraikinaren ingurua berrurbanizatzeko obren kontratazioa onartu du. Cristina Laborda alkateak adierazi du prozedura azken fasean sartu dela, eta datozen hilabeteetan hasiko dituztela inguru horretako jarduketak. Obra horiek 521.747,32 euroko gehienezko aurrekontua izango dute, lau hilabeteko exekuzio epearekin.
Honakoa esan du alkateak abiatuko dituzten jarduketen inguruan: “San Migel auzoa erabilera publikoko espazio berriez eta ingurune berrituaz hornituko duen proiektu integrala osatzera datorren obra da. Obra hauei esker, Emigrazio Eraikinaren inguruko eremu zabal bat hobetu ahal izango da, kale irisgarriagoak eta oinezkoentzako guneak izango dituena. Horrekin guztiarekin, Emigrazio gunea San Migel auzoko gizarte eta auzo bizitzaren erreferente bihurtzea bilatzen dugu”.
Jarduketen xehetasunei dagokionez, proiektua eraikinaren barruko plaza urbanizatzeko proiektuarekin koordinatuta idatzi da, eta Anaka eta Basurko kaleei eragingo die, irisgarritasunaren arloan hobekuntzak egiteko. Gune horietan espaloiak egokitu eta zoladurak berrituko dira, eta oinezkoei lehentasuna emango zaie, oinezkoak eta ibilgailuak maila berean egoteko.
Jarduketa nagusia Basurko kalean gauzatuko da, gune hori oinezkoentzat egokituko baitute, Javier Esteban Indart eta Anaka kaleen arteko tartean. Horrez gain, Emigrazio Eraikinaren Anaka kaleko espaloia berrurbanizatuko da, zabalagoa izan dadin.
Obrak bukatuta, pasabidea duten etxabeen erabiltzaileen ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira Basurko kalean; hau da, gainontzeko ibilgailuek sarbidea debekatuta izango dute. Kalea bi noranzkokoa izango da, eta ibilgailuek Basurko kaletik sartu eta atera beharko dute; debekatua egongo da Basurko kaletik Anaka kalera ateratzea.
Jarduketa horiez gain, udalak egungo argiztapen egiturak berritu eta inguru osoa saneatuko du.