Alberdania, literatura balioesten
Hirugarren hamarkada ospatu berri du Alberdaniak, eta bere sortzaileetako bat galdu du ere urte berean: Jorge Gimenez Bech. Kalitatezko literaturarekin segitzeko konpromisoarekin, erreleboa hartu dute Oier Etxebestek eta Aritz Galarragak.
Baliabide bezala «bi gorputz» zituzten ameslariak ziren 1993. urtean Alberdania argitaletxe irundarra sortu zuten Jorge Gimenez Bech eta Inazio Mujika idazle, editore eta gidoilariak. Literaturaren munduan «lekuak hartzeko» asmoz sortu zuten argitaletxea, «urak harrotzeko» xedearekin. Adin guztietarako kalitatezko literatura egin nahi zuten, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Hala gogoratu du Mujikak, Gimenezen hutsunea presente duelarik. Izan ere, iaz, Alberdania 30. kandela itzaltzen ari zela, Gimenez itzali zen gaixotasun baten ondorioz, 2023ko abenduan. Urte gazi-gozoa literaturaren Bidasoko habian.
Sorreraz mintzo da Mujika. Literaturaren bi maitaleak Usurbilgo Aginagako jatetxe batean biltzen ziren astero eta bazkaldu ondoren tertulian aritzen ziren. «Tertulia literario, politiko, soziala» izaten zen, baina bereziki «oso literarioa», nabarmendu du Mujikak. Haien bidelagunak ere gerturatzen ziren, hala nola, Anjel Lertxundi, Felipe Juaristi eta Karlos Linazasoro. Bilkura horietan otu zitzaien aldizkari bat egiteko ideia, «denak ginen horretan» gogoratu du. Urte horietan, bai Gimenez eta bai Mujika Lur argitaletxean ari ziren lanean entziklopedia orokor bat osatu nahian, eta argitaletxe baten hezurdurak ezagutzen ari zirela okurritu zitzaien beste argitaletxe bat sortzea. Eta harri ekin zioten. Biek poltsikoetan zuten dirua inbertitu, eta Irunen egoitza irekitzea lortu zuten. Kokapena ez zen ausazko erabakia izan. Batetik, Gimenez irundarra zen, eta, bestetik, garai hartan Irunen «krisi handi» bat zegoen aduana desagertzearekin lotutakoa. «Jende asko lanik gabe geratu zen eta lokal batzuk merkeago zeuden». Lokalaren giltza lortu, eta Istillaga plazan «eskola maitagarria» eratu zuten. Espazioa bitan banatuta zegoen eta egoitzaren beste aldean Luma aldizkariko lagunak zeuden, hala nola, Iñaki Agirresarobe, Joxan Elosegi eta Precen Gastearena. Plazaren beste aldean, berriz, Esan Ozenki diskoetxea. «Euskal giroa zegoen», oroitu du Mujikak.
Zehazki, 1993ko maiatzean ireki zituzten ateak. Ordurako beste hainbat argitaletxe baziren Euskal Herrian, baina Alberdaniak horiek zuten «egiteko moduan» eragin nahi zuen: «Guk gure egiteko modua nahi genuen, gure gauzak egin nahi genituen», dio Mujikak. Ur horiek dira harrotu nahi zituztenak. «Gauza berriak egin nahi genituen modu berri batean, idazleei beste arreta bat eskainiz». Kalitatezko literaturaren abaniko zabala astindu nahi zuten, eta baita lortu ere: «Kutsidazu bidea, Ixabel 2003an kaleratu genuen, eta Otto Pette 1993an. Biak arrakastatsuak izan ziren, eta pentsa zein liburu ezberdinak diren». Argi dio Mujikak hori zela lortu nahi zutena, kalitatezko literaturaren ozeano zabalean igeri egitea. Izan ere, ez zuten helburu «goi mailako literatura», lehenbiziko bi editoreek poesia, narrazioa, nobela, ipuingintza, haurrentzako lanak edota saiakera argitaratu nahi zituzten.
Literaturaren munduan «lekuak hartzeko» asmoz sortu zuten argitaletxea
Alberdania erreal bilakatu aurretik, baina, lanean zebiltzan «gure inguruan zebilen jendearen liburuak» argitaratzeko. Hiru liburu argitaratu zituzten: Laino artean zelatari, Itzalen itzal, eta Nombrar, embrujar, hurrenez hurren, Felipe Juaristirena, Juan Gartziarena eta Mikel Azurmendirena. Urtea bukatu baino lehen, beste labekada bat atera zuten 28. Durangoko Azokaren atarian. «Euskal antologia bat atera genuen eta hori izan zen gure liburu salduena». Argitaletxea sortu eta urtebetera kaleratu zuten ere Anjel Lertxundiren Otto Pette. Lehen uzta jasotzeko, haiekin batera aritu ziren lanean Lola Erkizia, Miriam Miranda eta Fina Pons.
Zikloak
Ziklo berri bat ernatzen ari da Irungo Alberdania argitaletxean. Barneko ibilbideari erreparatuta, lau ziklo izan ditu argitaletxeak. Lehena, 1993tik 2012ra bitartekoa litzateke, Gimenez eta Mujika, Mujika eta Gimenez, eskuz esku ia 20 urte aritu zirenekoa. Ondoren, 2012tik 2016ra etenaldia egin zuen argitaletxeak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiken Sailera salto egin baitzuen Gimenezek. Dena den, Alberdania ez ixtea erabaki zuten, etenaldia egitea baizik, eta horren kudeaketa lanetan aritu zen Mujika. Bien bitartean, Erein argitaletxean aritu zen ere lanean. Hirugarren zikloa 2016tik 2023ra bitartekoa izan zen, Gimenez bueltatu eta zuzendari eta editore lanak bere gain hartu zituenekoa. Izan ere, Mujikak ez itzultzea erabaki zuen. Azken fasea 2023ko abenduan hasi zen, Gimenezen heriotzarekin batera. Egun, Oier Etxebeste, Gimenezen semea da batuta hartu duena, eta Aritz Galarraga hondarribiarra ari da editore lanetan.
Belaunaldi berrien esku dago Alberdania eta «trantsizio momentu batean» daude, Galarragaren esanetan. Etorkizuneko egitura ez dagoela «erabat finkatuta» dio editoreak. «Edizioak daukan alde burokratikoena, produkzioari dagokiona eta administrazioari dagokiona ondo dago beteta Oier Etxebesterekin, baina edizio literarioari dagokionez oraindik egitura osatu beharra dago». Editore lanetan ez du bere burua bakarrik ikusten Galarragak, «taldetxo bat» imajinatzen du. Etxebesteren esatean, Gimenez eta Mujikak abiatutako proiektu editorialari «jarraipena ematen saiatzea» da erronka, «nahiz eta badakigun aitak utzitako hutsunea eta bokazioa ordezkaezina dela». Izan ere, Gimenez genero literario guztietan aritu zen editatzen, argitaletxearen esentzia eta ildoa bere baitan baitzituen. Horretarako beharrezkoak diren dohain bereziak bereak ziren. «Literaturak genero asko ditu, liburuak, itzulpenak… mota askotako liburuak daude. Lantalde txiki bat behar da Alberdaniaren funtsa mantentzeko».
Ia 31 urteko bidean lau aro ezagutu ditu Irungo argitaletxeak
Funts hori «literatura ona publikatzea» da, garai bakoitzeko modei edo korronte ikusgarrienei kasu handirik edota hainbesteko kasurik egin gabe. «Literatura onaren eta irakurlea zaintzearen aldeko apustua egiten duen argitaletxea izan behar du», dio, ziur Galarragak. Bere ustez, espiritu horrekin jaio zen Alberdania, eta «ahal izan duen arte» mantendu da. Editorea, etorkizunari begira, «oinarri horietara» itzultzeko apustuaren aldekoa da. Galarraga 2022tik da argitaletxean editore eta Gimenezek prestatu zuen, erreleboa har zezan. «Asmo horrekin kontaktatu zuela nirekin uste dut». Gimenezekin igaro zituen minutu guztiak «masterclass» bat izan zirela, edizioari eta literaturari dagokionez, azaldu du Galarragak. Pena bakarrarekin geratu da: denbora tarte laburra izan direla bi urte. «Baina, tira, hala ere niretzat oso aberasgarria izan da eta asko ikasi dut». Gimenezek argitaletxearekiko eta literaturarekiko pasioa transmititu zion, «oso eskertuta nago».
Aro digitala
Alberdaniaren zikloak aztertu ondoren, literaturarena azter daiteke. Beste hainbat alorretan bezala, literaturara ere iritsi da aro digitala eta batzuek paperaren gainbeherarekin lotu izan dute. Ez du horrekin, baina, bat egiten Galarragak: «Etengabe sortzen ari dira proposamen berriak —liburu digitala edota audio liburuak—, baina nik fedea dut paperezko liburuan eta teknologiaren ikuspuntutik ere bikaina da, demostratu duelako azken mendeetan funtzionatu duela, bere funtzioa bikain betetzen duela paperezko liburuak, literatura hedatzearena». Oraingoz, papera ordezkatuko duen teknologiarik ez dela jaio uste du, eta ez du uste argitaletxe batek uko egin behar dionik paperezko liburuari. Aitzitik, beste objektu teknologikoekin alderatuta «besarkatu» egin beharko zela iritzi du, beste euskarriek «erdipurdi» betetzen baitute paperaren funtzioa. Bere usteak, agian, «zaharruno eta nostalgiko» batena direla pentsatu du Galarragak, baina «praktikotasuna» du hizpide, eta baieztatu du Alberdaniak paperaren aldeko apustua egingo duela aurrerantzean ere. Hori bai, ez dute atzean utzi nahi bestelako formatu eta euskarriak probatzeko aukera, «ahaztu gabe zerk funtzionatzen duen benetan».
Etxebestek berretsi egin du aro digitalarekin bat egiteko asmoa: «Gurean, beti bezala, pixka bat beranduxeago, baina ematen du iristen hasi direla. Nabarmentzeko modua da Alberdaniaren apustua, ez bat ez bi, 20 audioliburu merkaturatzea iritsi delako». Formatu honetan ere, oinarria beti «literatura ona» izan dutela dio Etxebestek. «Euskal liburugintzan ari garen guztiok badakigu hil edo biziko kontua dela teknologiak eskura jartzen dizkigun baliabideak modu egokian erabiltzea».
Literatura onaren apustuari eutsiko dio Alberdaniak
Literatura onaren apustuarekin segi behar dela defendatu ere du Galarragak. «Ez diot gainerako euskal argitaletxeek hori bazter batean utzi dutenik, baina, egia da, literatura, oro har, aldatzen ari dela eta bere paper soziala aldatzen ari dela». Irakurle guztiak kalitatezko literatura bazter batean uzten ari direla adierazi du. «Denbora bat» eskatzen duen literaturaz ari da, «exijentea izan daitekeena, historia aberasgarriak dituena, eta ez sinplistak». Baina, korronte hau ez dela Euskal Herrikoa soilik nabarmendu du, «korronte orokor bat da». Balioan jarri du oraindik ere literatura ona, eta ertz batera bidali modazkoa: «Modak pasatu egiten dira, eta gauza onak, ongi egindakoak, pasioz eta kariñoz egindakoak, hor mantentzen dira». Adibide gisa jarri du duela 2.000 urte idatzitako liburuak gaur egun irakurtzen direla, «onak direlako eta bere garaian balioa izan zutelako». Alberdania esku onetan dago.
Jorge Gimenez Bech (Irun, 1956-2023) Alberdania argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen, Inazio Mujika Iraolarekin batera. Biak ala biak finkatu zituzten argitaletxearen oinarriak, eta 2012an argitaletxea gelditu bazuten ere, editore lanetan aritu zen Gimenez zendu zen arte.
Ibilbide luzekoa izan zen Gimenez. Irungo Udaleko Euskara departamentuko burua izan zen urte luzez, eta Plazara aldizkaria zuzentzen aritu zen Joxan Elosegi itzultzaile irundarrarekin batera. Aldizkari literarioa zen egiten zutena.
1997tik 2012ra, Euskal Editoreen Elkarteko presidentea izan zen. «Kezkaz» ikusten zuen euskal literaturaren etorkizuna Berria-k jaso duenez, eta euskal liburugintzaren etorkizunaz Gimenezek idatzitakoa oroitarazi zuen hedabideak: «Euskararen gaurko eta biharko kultura eta jakintza eremuetarako prestatu behar da euskal liburugintza, eta prestakuntza hori bi zutabe nagusitan oinarritu beharra dago: instituzio publikoen eta pribatuen arteko lankidetza, alde batetik; eta, bestetik, euskal liburugintzaren sektorearen sormen eta ekoizpen indarrak garatzen lagunduko dituen babes soziala».
Editoreen elkarteko bidea bukatu zuen 2012an, Eusko Jaurlaritzara sartu zenean. Hizkuntza Politikako Ikerketa eta Koordinazio zuzendari lanetan aritu zen han. 2013tik 2017ra bitarte, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzan ikerketa eta koordinaziorako zuzendari ere izan zen, Patxi Baztarrika sailburuorde zela.
Alberdanian arrastoa
Editore eta zuzendaritza lanez gain, itzultzailea ere izan zen irundarra. Ildo horretan, euskarazko hainbat literatura lan itzuli zituen gaztelaniara. Itzulpengintzan bere lana euskaratik gaztelaniara egindakoagatik nabarmendu zen. Esate baterako, Anjel Lertxundiren hainbat lan —Zoaz infernura, laztana; Ihes betea; Zorion perfektua; Piztiaren izena; edo Otto Pette—; Hasier Etxeberriaren Bost idazle; Arantxa Iturberen Lehenago zen berandu; edota Jokin Muñozen Bizia lo. Gimenezek «erlatibizatu» egin zituen idazle eta itzultzaile kategoriak: «Itzultzailea bada ere egile, ez egile soil, baina azken finean bere itzulpena egiterakoan lehen ez dagoen pieza literario berri bat sortu behar du nahitaez». Era berean, idazlea ere itzultzailea dela «ezinbestean» esan zuen, «batez ere bi hizkuntzatan aise idazteko gai» delako.
Idazle lanetan egindako ibilbideari so, 1995ean irabazi zuen Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti ipuin lehiaketa Trenaren zain obrarengatik. Gainera, Alberdania sortu bitarteko lehen urteetan, Inazio Mujikarekin batera, Goenkale telesaileko gidoilaria izan zen. Zeuk erabaki EITBko saioan aurkezle lanetan ere aritu zen Gimenez.