Zabaltza plazan egingo da liburu azoka
Liburuaren Egunerako egitarau zabala antolatu du udalak. Zabaltza plaza epizentroa izango den arren, adinekoen zentro sozialetan ere badago zertaz disfrutatu.
Datorren hilaren 23a Liburuaren Eguna da eta Irungo Udalak programa bat ondu du hiri osoa “kulturaz blaitzeko”. Egunaren epizentroa Zabaltza plaza izango da, bertan kokatuko baita liburu azoka. Aurtengo egitaraua “irakurzaletasuna sustatzeko” lan ildoaren barruan landu dutela azaldu du Nuria Alzaga Kultura ordezkariak. Edizio honetako karteleko irudia Lorea Martinez Oronozena da.
Azoka goiz zein arratsaldez egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Azokan txokoa izango dute Tinta Comics, Elkar liburu dendak eta Oskarbi Kultura elkartea. Halaber, zenbait jarduera egingo dira, esate baterako, liburu sinatzeak, aurkezpenak, koadernaketa erakusketa bat Arteliburu21en eskutik eta ipuin kontalari saio bat.
Egitaraua
Programazio osoa, Zabaltza plazan jarri duten panelean ikus daiteke. Izan ere, Zabaltza plazan ez ezik, CBAko balio anitzeko aretoan, 10:30ean, Miriam Lukiren Argialdiak lanaren irakurketa publikoa egingo da, 10:45ean. Miguel de Cervantesen Kixotea nobelako pasarte bat da.
Koadernaketa artistikoaren erakusketa txiki bat egongo da ikusgai Zabaltza plazan, 10:00etatik 14:00etara. Liburuaren arteak eta ofizioak aztertu, ekoitzi, zabaldu eta sustatzen dituen erakunde artistiko eta kulturala den Arteliburu21ek eskainiko du, eta artista liburuari eta koadernaketa artistikoari buruz arituko dira. Ofizio tradizionala eta modernoa izango dituzte hizpide.
Arratsaldean, 17:30ean, Maite Franko ipuin kontalariak lau urtetik gorakoentzako irakurketa egingo du. Filomena Musugorri Errege, eta beste ipuin batzuk izenburua jarri dio emanaldiari eta 50 minutuko iraupena izango du.
Gero, 18:30etatik 20:00ak arte, liburuak sinatzen egongo da Noelia Lorenzo Pino Elkarren salmahaian. Azkenik, 19:00etan, literatur topaketa bat egingo da Aitziber Alonsorekin eta haur eta gazteentzako liburuen marrazkilariekin. Marrazkigintzaren alorreko prozesu artistikoa deskubritzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Bestalde, hilaren 25ean, Oiasso museoan, Xabier Peñalver Iribarren arkeologoak Revolución, resistencia y memoria. Patrimonio de la Humanidad liburua aurkeztuko du, 19:00etan. Hurrengo egunean, hilaren 26an, topaketa bat egingo da Nerea Kortabitarterekin, Baloreak lanaren sorkuntza prozesuaz.Bertan izango dira liburua ilustratu duten Noelia Sierra, Julia Lasa, Nerea Bermejo eta Patri Taberna.
Haurrentzako tailer bat ere eskainiko du hilaren 26an Patri Tabernak. Collage teknikaz arituko da eta Baloreak saioko irudiekin eta hitz gakoetako batzuekin jolastu ahal izango dute txikienek.
Adinekoen espazioek ere bat egin dute Liburuaren Egunarekin, eta hilean zehar egingo diren hainbat jarduera prestatu dituzte.
- Hilaren 20an, 17:30ean, Anaka-Puianako adinekoen lokalean kontakizun bat idatziko dute hilotz paregabea teknika baliatuz.
- Hilaren 23an, 17:00etan, Palmera Monteroko adinekoen espazioan liburu trukea egingo dute.
- Hilaren 24an, 17:30ean, Belaskoeneko adinekoen espazioan euskal mitologiari buruzko irakurketa taldea elkartuko da. Mahai inguru bat egingo dute, eta perte hartzaileek elkarrekin irakurriko dituzte euskal mitologiari buruzko kontakizun laburrak.
Azkenik, hiriko 39 lokalek bat egin dute Poesia kalean ekimenarekin eta erakusleihoetan idazle batzuetan olerkien bertsoak erakutsiko dituzte. Horiek non topatu jakiteko triptiko bat idatzi dute, eta bertan, parte hartzen duten saltoki guztien ibilbidea agertuko da.