Irungo Erraldoia saria emango diote Alberto Gorriz Etxarteri
Hilaren 27an egingo da sari banaketa elkartean bertan. Horrez gain, erraldoien konpartsa aterako dute kalera.
Irungo Atsegina elkarteak Irungo Erraldoia saria emango dio Alberto Gorriz Etxarteri hilaren 27an. Gorrizek egindako kirol ekarpenagatik, hirian utzitako ondarea eta gizarte eta kultura konpromisoagatik sarituko dute, irungo kirolari gazteentzat “pasio eta determinazio sinboloa” izan delako. “Haren adibideak erakutsi du kirolaren balioak funtsezkoak direla hazkunde pertsonal eta komunitariorako”.
Kirol arloz gain, Gorriz Irungo kulturaren eta tradizioen defendatzaile sutsua izan dela dio elkarteak. Tokiko ondarea zaintzeko konpromisoa duela gogoratu dute, “Irungo nortasuna goratzen duten kultur ekitaldi, jaialdi eta jarduerei etengabe laguntzean”. Gainera, “benetako enbaxadore” izendatu diote kultur elkarteetan aktiboki parte hartzeagatik.
Bestalde, Irungo Atsegina elkarteak 102 urte beteko ditu eta ospatzeko erraldoien konpartsa aterako dute hiriko erdiguneko kaleetan barna. Hilaren 27an izango da hori ere, goizen zehar. Ibilbidea elkartean bertan hasi eta bukatuko da, 10:00etatik 13:00etara.