Emakumeentzako arte terapia espazio feminista irekia
Hilaren 30ean abiatuko da Emakume Artean tailerren hirugarren edizioa. Asteartero Jostaldi pilotalekuan bilduko dira.
Emakume Artean tailerren hirugarren edizioa abiatu du Gure Hegoak elkarteak. Ahalduntze feministarako eta autoezagutzarako gune seguru bat da, sorkuntza prozesuak eta talde loturak aberasturiko bizipen esperientzien bidez eskaintzen dutena. Lehen saioa hilaren 30ean izango da eta azkena ekainaren 18an.
Aurreko bi edizioetan bezala arte terapian oinarritutako saioak izango dira, hau da, gorputzaren mugimendua, dantza, pintura, jolasak eta elkarrizketak egingo dituzte. Horiek ondo pasatzeko balio izateaz gain, nor bere buruarekin eta kideekin konektatzen laguntzen dutela esan dute antolatzaileek, emozioak modu ezberdin eta sakon batean ezagutzeko eta adierazteko baliabideak eskainiz.
Saioak astearteetan izango dira 18:00etatik 20:00ak arte Jostaldi pilotalekuan. Ez da aurretiazko esperientziarik ezta ezagutzarik behar. Doako saioak dira eta Hondarribiko Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du.