Printzipio kooperatiboak sarituko ditu bigarrenez BDSKoop-ek
Gipuzkoan eratu berri diren sozietate laboral eta kooperatibak sarituko dituzte. Helburua sortzen doazen enpresa berriak balore eta printzipio bereizgarriekin sortu daitezen sustatzea da.
BDSKoop Eraldaketa Fabrika elkarteak ‘Kooperatuz’ sarien bigarren edizioa aurkeztu du gaur goizean. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia sailaren babesarekin antolatzen dute.
1895ean Kooperatiben Aliantza Internazionalak kooperatibek jarraitu beharreko zazpi printzipio adostu eta ezarri zituen. Kideen kudeaketa demokratikoa, kidetza irekia eta borondatezkoa, kideen parte hartze ekonomiko beharrezkoa, autonomia eta independentzia eta kooperatiben arteko lankidetza dira zazpi printzipio horiek. Euskadiko Kooperatiben legeak zazpi horiek barnebiltzen ditu. Era horretan, gizarte ekonomiako erakundeen jardueraren oinarri bihurtu dira.
Iaz egin zuten lehenengo edizioaren antzera, aurten ere, eratu berri diren sozietate laboral eta kooperatibak sarituko dituzte. Zehazki, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitartean eratutakoak. Helburua sortzen doazen enpresa berriak balore eta printzipio bereizgarriekin sortu daitezen sustatzea dela azaldu dute.
Bi sari banatuko dituzte, biak ala biak 1500 eurokoak. Lehen sariak barne antolaketa sarituko du. Bigarrenak, berriz, bere ingurunean eragiteko, lankidetza sustatzeko eta komunitatearekiko interesa izango ditu kontuan.
Baldintzak
Gipuzkoan erregistratuta dauden sozietate laboral eta kooperatibak parte hartu ahal izango dute (2023ko uztailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitartean eratutakoak). Parte hartzeko bdskoop-en webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute hilaren 16tik ekainaren 3ra bitarte.
Erantzunak epaimahai kualifikatu batek ikuskatuko ditu. Mirene Arri, Elkar-laneko ordezkaria, Beñat Irasuegi, Koopfabrikako ordezkaria eta Itziar Barinaga, Gezkiko ordezkaria izango dira epaimahaikideak. Irabazleak BDSKoop-en webgunean iragarriko dituzte.