Helburua beteta itzuli da Bidasoa Atletiko Taldea Iruñetik
Asko sufritu eta borrokatutako ligako lehen jardunaldia izan zen larunbatekoa. Sailkapen orokorra 4x400 metro erreleboetan erabaki zen, azken proban.
Asko sufritu eta borrokatu zuten Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeek asteburuan. Ligako lehen jardunaldia Iruñean egin zen eta aurkari gogorrak izan zituzten arren helburua beteta itzuli ziren etxera. Hirugarren geratu ziren, oraingoz, jaisteko postuetatik salbu.
Taldeko denek “izugarrizko maila” erakutsi zuten. Oso topaketa estua izan zen; sailkapen orokorra 4×400 metro erreleboetan erabaki zen, azken proban. Taldea Irune Muguruzak, Julene Arriagak, Uxue Garranchok eta Alazne Garridok osatu zuten. Asko estutu ondoren hirugarrenak izan ziren, laugarren postutik puntu bakarrera. Topaketa Playas de Castellónek irabazi zuen 223 punturekin. Bigarren izan zen Pamplona Atletismo 180 punturekin. Hirugarren Super Amara BAT 141,5 punturekin eta laugarren, Hospitalet 140,5 punturekin.
Emaitzen artean zenbait errekor egin ziren. Carla Arwen Martínezek bi probatan parte hartu zuen: 100 metroetan eguneko garaipen bakarra eskuratu zuen. 11,83 segundoko denborarekin klubeko errekorra hautsi eta marka pertsonala egin zuen. Ordu erdi beranduago 200 metroetan hirugarren amaitu zuen, beste behin, klubeko errekorra hautsiz eta marka pertsonala eginez. 24,28 segundo behar izan zituen.
Irune Muguruzak ere maila onean dagoela erakutsi zuen. 400 metroko lasterketa egin zuen 59,07 denbora “itzela” eginez. Gipuzkoako Absolutu mailako errekorra, klubeko errekorra eta bigarren postua eskuratu zituen.
Goizane Garcíak, berriz, pisu jaurtiketan 12,98 metroko jaurtiketa egin zuen hirugarren amaituz. “Puntu garrantzitsuak eskuratu zituen”. Azkenik, Ana Pulgarinek klubeko errekorra egin zuen 5km ibilketa proban. Bigarren izan zen 23:42ko denborarekin.
Gainontzeko taldekideak, errekorrak egin ez zituzten arren, parte hartze bikaina izan zuten.
Ligako bigarren topaketa maiatzaren 4an izango da. Oraindik non lehiatuko diren zehaztu gabe badago ere aurkariak Donostiako Atletico San Sebastián taldea, Manresa eta Scorpio izango dituzte. Klubetik eskerrak eman dizkiete Durango, Artunduaga eta Ostadar klub filialei ligako lehen topaketan beren kirolariak taldearen parte izatera animatu izanagatik.