Lehen arretaren aldeko manifestazioak "interes alderdikoia" izan duela dio EAJk
Interes alderdikoia, Irungo lehen mailako arreta hobetzeko "benetako interesaren gainetik" jarri izana deitoratu dute.
Joan den larunbatean Irungo karriketan barna egin zen Osasun Bidasoak deitutako manifestazioa. Bertan, lehen osasun arretaren narriadura salatu, Oinaurren anbulatorio bat eraikitzea eta ospitaleko obrak gelditzea eskatu zituzten. Bertan izan ziren Hondarribiko eta Irungo udalbatza osatzen dituzten alderdi politiko guztietako ordezkariak, EAJkoak izan ezik.
Azken hauen Uri Buru Batzarraren arabera, “zantzurik gabe” argi geratu da “interes alderdikoia” duela manifestazioak, eta interes hori “gure hiriko Irungo lehen mailako asistentzia hobetzeko benetako interesaren gainetik” jarri dutela uste dute.
Gogoratu dute EAJk osasun zerbitzuetako arazoei irtenbideak emateko soluzioak planteatu dituztela, hala nola, erdiguneko anbulatorio berriaren kokapen proposamena, eta behin behinean hiriko lokaletara Osakidetzaren hainbat zerbitzu lekualdatzea.
Azkenik, Osasunaren arloko profesionalekin bilerak egiteko prest daudela azaldu dute,”orain arte egin dugun bezala”. Bilera horiek baliatu nahi dituzte entzuteko, eta iritziak ikuspuntuak kontrastatzeko. Iritzi dute “denen artean” konponbide “eraginkorrak” aurkituko direla. “Irungo herritar guztien ongizatea eta egunerokotasuna hobetuko duten irtenbideak bilatzea da gure asmoa eta nahia”.