Mugikortasun jasangarriaren azoka Ficoban hilaren 17 eta 18an
MUBIL Mobility azokara Europa hegoaldeko 105 enpresa gerturatuko dira. Erakustazokez gain, bilera logistikoak eta eztabaidak izango dira.
Ficoban egingo da apirilaren 17tik 18ra MUBIL Mobility Expo, mugikortasun jasangarriari buruzko ezagutza biltzen duen azoka. Topaketaren laugarren edizioa egingo dute eta merkatuak egun eskaintzen dituen produktu eta zerbitzu berritzaileenak bertatik bertara ezagutzeko erakundeei zuzenduta dago.
Guztira, 105 enpresen proposamenak aurkeztuko dira. Enpresa horien jardunak denetarikoak dira: “automobilgintzako eta ekipamendu elektrikoko enpresak, bateria fabrikatzaileak, energia hornitzaileak, azpiegitura eta sare enpresak, zerbitzu integratzaileak, konektagarritasuneko enpresak, adimen artifizialekoak eta big datakoak, erakunde publikoak eta flota operadoreak.
Enpresen %37 Euskaditik gerturatuko dira, eta %50 Espainiako Estatukoak eta Herrialde Katalanetakoak izango dira: Madriletik %15, Bartzelonatik %11 eta %13 Frantzia, Alemania, Eslovenia eta Herbeheretatik. Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarrirako erreferentziazko topagunea izango da.
Azokara joateko izena eman behar da eta dagoeneko 1.000 lagunek egin dute. Profilei erreparatuta, negozio aukera berriak bilatzen dabiltzan operadoreak, erosleak, hiri eta enpresetako erabakitzaileak eta zerbitzu hornitzaileak izango dira. Oraindik izena eman dezakete bisitari profesionalek azokaren webgunera jota.
Bestalde, bisitari espezializatuak gerturatzea sustatuko dute, mugikortasun jasangarriko produktu eta zerbitzuetan inbertitzeko gaitasuna eta aurreikuspena dituztenak, bai enpresa pribatuak bai eta publikoak ere. Hori egikaritzeko Hosted Buyers programa ondu dute, eta Espainiako zenbait udal, garraio operadore pribatu, eta Eslovenia, Uruguai, Frantzia eta Italiatik joango dira erosle potentzialak.
Zortzi mahai inguru programatu dituzte, mugikortasun jasangarriaren bilakaerarekin lotutako askotariko gaiak lantzeko, esaterako, bateriak, birkargatzeko azpiegiturak, garraio multimodala, ibilgailu autonomoa, mugikortasun jasangarrirako zerbitzu eta azpiegitura adimendunak, mugikortasun partekatua eta hidrogenoa. Esaterako, Francisca Rubiok Data open spaces izeneko hitzaldia eskainiko du. Programazio osoa, azokaren orrialdean topa daiteke.
Bestalde, ibilgailu elektriko zaleen gunea Test Drive izango da. Bertan, produktuak eta zebritzuak ezagutzeko erakusmahaiak bisitatzeaz eta konferentzietara joateaz ain, bisitariek aukera izango dute edonolako ibilgailu elektrikoak probatzeko, direla autoak, direla scooter edo autobusak.
Bilera sektorialak ere egingo dituzte hainbat eta hainabt erakundek. Izan ere, aurtengo edizioan eztabaidagune sektorialen aldeko proposamena indartu nahi izan dute, “benetako arazoei buruz hitz eginda elkarrizketarako espazioak sortzeko. Hala, hilaren 17an, AEDIVEk, Direbusek eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak eta MUBILek arituko dira eztabaidan. Hilaren 18an, berriz, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen txanda izango da BH2Cren garraioko erabileraren bertikalaren III. topaketarekin.