Bihar manifestatuko dira osasun arreta duina izateko eskubidearen alde
Osasun Bidasoak deituta, Irungo San Juan plazatik abiatuko da bihar manifestazioa. Bidasoko osasun sistemaren narriadura salatuko dute.
Osasun Bidasoa plataformak azken hiru hilabetetako mobilizazioak bukatuko ditu bihar San Juan plazatik 18:00etan aterako den manifestazioarekin. Bidasoko osasun sistemaren “narriadura” salatzeko irtetera egin dute dei. Horrez gain, lehen arreta “erreta” dagoela salatu, Bidasoa ospitalea handitzeko obrak eskatu, eta Oinaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzea eskatuko dute, besteak beste. Bidasoko eta Bortzirietako herritarrei luzatu diete deialdia.
Ospitalean “kontsulta” falta dagoela salatu dute, eta horregatik itxaron zerrendak legeak ezartzen dituen 30 egun baino gehiagokoak dira. “Mugi zaitez. Defendatu osasun arreta duina izateko eskubidea”.
Era berean, Irun erdiguneko anbulatorioko gau eta asteburutako larrialdietako txandetan ez da medikurik egon. Gutxienez, zortzi txanda izan dira soilik erizain eta administrazioko langileekin. Arazoa da, erizainek ez dutela legez eskumenik paziente bat medikalizatzeko eta larrialdi egoera baten aurrean “arriskutsua” izan daitekeela ohartarazi dute. “Normalizatzen ari da larrialdietan medikurik ez egotea eta hau gelditzea eskatzen dugu”, salatu dute.
Bost eskaera eta salaketa egin ditu bihar plataformak. Hona hemen, hitzez hitz:
- Osasun Sailak inbertsiorik egin ez duenez, egoera gero eta jasangaitzagoa da. Kontsultategi eta profesionalak falta dira.
- Urologia-zerbitzua eta minaren unitatea ixteari ez. Irun Erdialdeko medikurik gabeko larrialdi- zerbitzuei ez.
- Ospitaleko espezialisten kontsultetarako itxaron-zerrendak txikiagotzea eskatzen dugu, gehienez ere 60 egunekoak izan daitezen.
- 2015etik prest dagoen orubean, Oinaurreko anbulatorioa berehala eraikitzea eskatzen dugu.
- Bidasoa ospitalea handitzea eskatzen dugu, eraikin erantsi baten bidez