Sanmartzialak iragartzeko kartel lehiaketa aurkeztu dute
Apirilaren 16tik maiatzaren 24ra luzatuko da lehiaketa, eta aurtengo bestak ekainaren 20tik uztailaren 1era izango dira.
Laster bi hilabete faltako dira San Juan egunean sua piztu, eta Irungo San Martzial eta San Pedro jaiekin hasteko. Aurten, ekainaren 20tik uztailaren 1era arte luzatuko dira bestak. Bide horretan, udalak jakinarazi du datorren asteartean (hilak 16) zabalduko dela kartel lehiaketan parte hartzeko epea eta maiatzaren 24ra bitartean ahalko da parte hartu.
Lehiaketan parte hartzeko USB memoria batean aurkeztu behar da kartela, baita formatu fisikoan ere. Azken entrega hau egiteko Amaia KZra gerturatu beharko da eta Aureliano Lopez Becerra kaleko kaletik sartu. Ordutegia, honako hau da: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta, igandeetan, 11:30etik 13:30era bitartean. Fisikoan ezin entregatzekotan, posta bidez bidali beharko da udaletxera (San Juan Harria, 1, 20304, Irun).
Urtero lez, epaimahai batek aurkeztutako lanen atariko aukeraketa bat egingo du. Epaimahai horren kideak izango dira kultura, diseinu, arte eta komunikazio munduko profesionalak. Behin sailkapena eginda, herritarrek erabakiko dute irabazlea udalaren orrialdean bozkatuz.