"Jendearekin harremana izatea gustatu izan zait beti"
Herriko lehen liburuzaina izan zen Kote Guevara. Erretiroa hartu berri, liburutegiaz hitz egiten duenean kosta egiten zaio iraganean hitz egitea, baina pozik dago bizitzaren etapa berri horretan.
Bizitza oso bat egin duzu Hondarribiko liburutegian. Erretiroa hartu berri, nola sentitzen zara?
Oso pozik nago. Fase berri bat da. Lanean ere beti gustura egon naiz. Niretzat gozamena bat izan da beti, baina iristen da momentu bat non zure bizitzako fase batzuk bukatzen diren. Orain beste modu batera disfrutatzen dut bizitzaz, batik bat denboraz.
Zer izan da urte hauetan guztietan Zuloaga Etxea zuretzako?
Niretzat pertsonalki proiektu bat izan da. Hasi nintzenean, 1987an, ez zegoen liburutegirik herrian. Lehenengo liburuzaina izan nintzen. Hasieran Itsas Etxean egon ginen, oso egoera kaxkarrean. Gero poliki-poliki Zuloaga Etxea proiektuak forma hartu zuen. Proiektuaren helburua liburutegi on bat edukitzea zen: irakurleentzako eremu duinak dituena, funts aberats eta anitzak dituena… liburutegi bat dena. Eta horretarako ibilbide luzea egin dugu.
Urte asko izan dira, aldaketa asko… Zuloaga Etxeko paretek asko ikusiko zuten.
Udalak Zuloaga Etxea erosi zuenean liburutegia jartzea pentsatu zuen. Beno, liburutegia eta beste zenbait zerbitzu publiko. Kultur etxea esaten zen orduan. Oso ondo ez genekien zer zen kultur etxe bat. Arazoa izan zen etxea babestuta zegoela, eta obrak hasi zirenean geldiarazi egin behar izan zituztela baldintzak ez zituztelako betetzen. Horregatik egon ginen Itsas Etxean ia hiru urtez. Arazoa konpondu zenean lekualdatu ginen. Udal Artxiboa, liburutegia, eta erakusketa gela bat zituen, baita bestelako zerbitzuak ere, kanposantuko bulegoak adibidez. Udaletxean lekurik ez zegoenean, bertan muntatzen zituzten bulegotxoak.
Orduan liburutegi izateaz gain beste gauza asko izan da Zuloaga Etxea.
Bai. Ez zegoen oso argi proiektuak zer izan behar zuen. Gainera, liburutegi zerbitzua oso berria zen eta ez genekien zein izango zen jendearen erantzuna. Hasieran, eta egun ere, askok pentsatzen dute ikasleek ikasteko leku bat dela, eta hor irakurleak ez zuen lekurik. Gure helburua irakurleak izan dira beti, ikasleak ez hainbeste, baina egia da pisu handia izan dutela beti. Pixkanaka irakurle multzo bat ateratzea zen gure helburua, eta uste dut lortu dugula. Mailegu zerbitzua oso estimatua da, eta asko erabiltzen da.
Liburuzalea izan zara beti?
Haurtzaroan komikien zalea nintzen, eta naiz oraindik ere. Irakurzaletasunean komikien bidez sartu nintzen; Mortadelo eta Filemon, Axterix eta Obelix… Horrelakoak irakurtzen hasi nintzen. Lehen irakurleak ginen. Udan etxe guztietan irakurtzen ziren Enid Blynton-en liburuak: Los cinco, Aventura, Los Hollister…
Zaletasun horri jarraiki, beti jakin izan duzu liburuzaina izan nahi zenuela?
Ez. Nik historia ikasi nuen ikertzailea izan nahi nuelako. Hori da benetan gustatzen zaidana, historia ikertzea. Baina beno, hori oso mundu mugatua da.
Lan honek eman dizu aukera bi zaletasun horiek batzeko, ezta?
Bai. Suertea izan nuen. Zuloaga Etxean Udal Artxiboa zegoen eta liburutegitik artxiboaren laguntzaile gisa aritzen ginen. Dokumentuen maileguak eta horrelakoak egiten genituen. Lehendik ezagutzen nuen artxiboa, baina ondo ezagutu nuenean konturatu nintzen oso artxibo aberatsa dugula. Batez ere XVII eta XVIII. mendekoak oso aberatsak dira eta dokumentazio zoragarria dago. Horrek ere lagundu zidan bide horretan jarraitzen eta egin nituen nire ikerketak eta lantxoak.
Zein izan da urte hauetan guztietan zure kezka edo ardura nagusia.
Beti izan dut kezka bat, gazteena. Esan dudan bezala liburutegiaren helburua ikasleentzako leku bat bermatzea zen. Ikasleek ordutegi malguak behar zituzten azterketak prestatzeko. Liburutegiaren erabilera horrek gurasoengan indar handia du, eta kezka hori beti egon da udalaren gainean. Ez dut esango traba bat denik, baina bai oztopatzen ditu beste helburu batzuk. Umeak oso irakurleak dira. Normalean gurasoekin edo aiton-amonekin joaten dira. Baina 10-12 urterekin, lagunekin gelditzen hasten direnean, irakurtzeari uzten diote eta gehienak ez dira irakurtzera itzultzen. 20-22 urterekin zenbait hasten dira berriz ere irakurtzen, baina gutxi izaten dira. Nire kezka salto hori nola murriztu izan da. Horregatik antolatu ditugu haurrei bideratutako hainbeste gauza: ipuin kontalariak, komikiak… Saiatu gara behintzat. Beste helburu bat izan da liburutegia ez dadila aldare bat bezalakoa izan. Herriko jarduera kulturaletan txertatuta egon behar duela uste dut. Niretzat helburu bat izan da bai elkarteekin, idazle berriekin, eta hor sortzen diren mugimendu transbertsalekin bat egitea eta bultzatzea. Liburuzainak gure herriko bizitza kulturalean inplikatu behar gara.
Beste helburu bat tokiko kulturak babestea eta bultzatzea da, ezta? Zuk zeuk lan handia egin duzu euskara sustatzeko eta babesteko.
Bai. Liburutegiek badute dekalogo bat, mundu mailakoa dena, eta horrek liburutegien helburuak zeintzuk izan behar diren zehazten du. Tokiko bildumak babestea da helburuetako bat. Gure kasuan, nik behitzat, horretara beti jarri dut denbora, gogo eta ahalegin handia. Euskara da gure tokiko gauzarik esanguratsuena, eta hori babestu behar da. Euskara ez da bakarrik euskaldunon hizkuntza, mundu guztiaren ondasuna da. Tokiko gauza bat bezala ikusten da askotan, eta bai, bada, baina badu proiekzio unibertsala. Munduko ondarea da. Egoera berezian dago. Ez da hizkuntza handi bat, ez du mundu guztiak erabiltzen, ez da erraza bultzatzea, eta jendearentzako askotan arazo bat izaten da. Erronkak beti gustatu izan zaizkit eta uste dut euskararekin lan polita egin dugula. Ez dugu soilik jendearenganako helburu gisa jarri, baita barrura begirakoa ere. Gure lan taldean oso garrantzitsua da.
«Liburuzainak gure herriko bizitza kulturalean inplikatu behar gara»
Liburuzain bezala asko irakurri behar da?
Ez dakit zer den asko edo gutxi irakurtzea. Ikusten nuen jendea astean zehar bi eta hiru liburu irakurtzen zituena. Batzuk irakurle porrokatuak dira. Nik ez dut hainbeste irakurtzen, garrantzi handiagoa ematen diot kalitateari. Irakurtzea patxadaz egiten den zerbait da, denbora izan behar duzu, zuretzako denbora.
Aipatu duzu lehen liburutegia Itsas Etxean izan zela aurrenik, eta ondoren, Zuloaga Etxean ere, zerotik sortu behar izan zenutela liburutegia. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Oso garai politak izan ziren niretzat. Alde batetik, ez nekien ezer, eta dena erronkak ziren. Itsas Etxetik Zuloaga Etxera lekualdatzeko denbora horretan kultur etxeak egiteko hainbat proiektu izan ziren: Benta Zaharrean, Jostaldi pilotalekuan… Dozenaka plano ikusi ditut. Inork ez zekien zer egin behar zen. Kultura zer da? Zaku bat non denetatik sartzen den? Hori zehaztea kostatzen zaigu. Politikoekin harremanak ere ez ziren errazak. Hemen kultura beti izan da bigarren mailako zerbitzu bat. Itsas Etxera iritsi nintzen lehen egunean, atea ireki, eta ez zegoen ezer. Gela huts bat zen. Udaletxera joan nintzen liburutegiaz galdezka eta «bai, han dago» erantzun zidaten. Baina ez zegoen ezer. Ez mahairik, ez aulkirik… «Horretarako kontratatu zaituztegu», izan zen erantzuna. Arotz batekin lanean hasi ginen orduan. Gero liburuak erosten hasi ginen, bilduma osatzen, eta hori guztia oso polita izan zen niretzako. Hasieran bakarrik egon nintzen, baina gero Izaskunen [Muguruza] izugarrizko laguntza izan dut, eta berari esker aurrera atera da. Gaur egun taldea askoz ere handiagoa da, sei gaude, beno, daude!
Liburutegia liburuekin hornitzeaz gain beste erronka batzuei aurre egin behar izan zenioten ere. Teknologia berriei eta internet-i adibidez. Nola bizi izan zenuten teknologiaren bilakaera hori.
Hori bai izan zela erronka. Lanean hasi nintzenean, 1987an, ez zegoen ordenagailurik udaletxean. Beno, bazegoen bat Ogasun sailean, baina bakarra zen. Guk [Muguruzak eta Guevarak] hasieran ez genuen idazteko makinik ere. Fitxero bat genuen eta fitxak eskuz betetzen genituen zein liburu genituen jakiteko. Gerora idazteko makina lortu genuen. 1992an iritsi ziren ordenagailuak eta internet-a liburutegira eta hori ‘la bomba’ izan zen. Jende askok esaten zuen: «beno, internetarekin zertarako liburutegiak». Garai batean liburutegiko funts handi bat ziren entziklopediak eta ordenagailuen ondorioz pikutara joan ziren. Internet-a erronka handia izan zen, baina uste dut oso ondo aprobetxatu genuela. Liburutegien sarea sortu eta katalogo bateratu bat egin genuen. Ordura arte guztia eskuz egiten genuenez lana errepikatuta egiten genuen. Whatsapp-a, bestetik, asko erabiltzen dugun erreminta da. Helbide elektronikoa, sare sozialak… horiek guztiak komunikatzeko erabiltzen ditugu. Aldaketa izugarria izan da hori eta uste dut horrek asko hobetu duela zerbitzua. Asko erraztu du lana. Eta mugikorrak… gaur egun hor dabiltza gaztetxoak eta ez horren gaztetxoak mugikorrarekin. Irakurzaletasuna asko aldatu da. Lehen oporretara joaten zinenean aireportu batean, tren geltoki batean edo autobus batean, denak ez, baina jendea askok irakurtzen zituen liburuak. Gaur egunean bakan batzuk ikusten dituzu paperezko liburuak irakurtzen. Gehiengoak sare sozialetan dabiltza, Whatsapp-ean, serieak ikusten…
Esango zenuke hori dela gaur egun liburutegiak duen erronka nagusiena?
Beno, hori ez da bakarrik liburutegiaren gauza. Irakurzaletasuna erronka itzela dela uste dut eta hor daude gurasoak, eskolak eta liburutegiak, noski. Baita beste zerbitzu batzuk ere. Nire ustez gurasoen ardura gai honekiko asko jaitsi da. Guraso asko ez dira irakur zaleak, orduan oso zaila da zaletasuna seme-alabei transmititzea. Gero ere, haurrek txikitatik izaten dute mugikorra eta denbora asko pasatzen dute horrekin. Eta eskoletan irakasleen irakurzaletasun maila oso kaskarra da. Irakasleek ez dute irakurtzen eta oso zaila da maitatzen ez duzun afizio bat transmititzea. Salbuespenak egongo dira, noski.
2015ean hasi ziren liburutegia berritzeko lanak eta 2017an amaitu ziren. Nolako pausoa izan zen hori?
Pauso luzea izan zen, baina oso inportantea. Giza baliabide aldetik talde bat sortu zen, sei lagun ginen. Zerbitzuak ere asko zabaldu ziren, gauza gehiago antolatzen hasi ginen. Nobedadea zenez jende asko erakarri zuen horrek. Literatur tailerrak eta ekintzak asko biderkatu ziren. Espazioak berritu ziren, aldi berean. Ordura arte totum revolutum bat zen.
«Euskara ez da bakarrik euskaldunon hizkuntza, mundu guztiaren ondasuna da»
Azkeneko urteak nola bizi izan dituzu?
Beno, banekien noiz tokatzen zitzaidan erretiroa hartzea. Aurreratu egin dut. Emazteak ere erretiroa hartu zuen, eta ondo gaudela ikusita bizitza aprobetxatzea erabaki genuen. Gainera, azken urteetan aurreko udal taldearekin harremanak ez ziren oso onak izan. Oso talde gelditua zen, ez zuten ezer egiten. Egiten genituen proposamenak aurrera ateratzea asko kostatzen zitzaien. Azken hiru urteak ez ziren oso onak izan niretzat, eta erretiroa hartzea erabaki nuen.
Badago zerbait egiteke geratu zaizuna?
Ba bai. Proiektu batzuk martxan utzi ditugu eta horietako bat da Hondarribiteka. Badago liburutegi bat Europeana deitzen dena. Europa mailako liburutegi digital bat da. Hor sartzen dira liburu digitalizatuak, baina baita museoko obrak, laminak, koadroak, kantak, bideo jokoak… Datu base erraldoia da. Espainiako Liburutegi Nazionala, adibidez, proiektuan sartuta dago era bere ekarpenak egiten ditu. Gure asmoa Hondarribi mailan horrelako zerbait egitea zen, eta ondoren, Europeana horretan txertatzea. Edozein hondarribiarrek izango du aukera liburutegiko datu basean sartzeko eta Hondarribiteka horretan liburu bat, jaietako kartel bat, kanta bat edota bideo bat bilatzeko. Hondarribiko ondasuna jasoko da bertan eta horretan ari ginen. Gertatzen dena da epeak luzatu egin zirela esan dizudan bezala aurreko gobernu taldearekin gauzak ez zirelako asko mugitzen. Baina beno, lehen pausoak eman genituen eta espero dut aurten ez bada datorren urtean martxan egotea.
Zerbaitek bete zaitu bereziki?
Jendeak. Beti gustatu zait jendearekin harremana izatea. Horregatik niretzat lan politena da mostradorean egotea eta jendeari liburuak gomendatzea, komentatzea, ikustea zer liburu mota eramaten duten, zer jende mota datorren… Pandemian sozializazioa bukatu zen, baina orain berriro berreskuratu dugu. Niretzat hori da politena. Azken batean, jendearentzat egiten duzu lan. Gure erabiltzaileak pozik daudela ikustea da saririk onena.
Amaitzeko, baduzu anekdota bereziren bat?
Badut bat, baina ez zait asko gustatzen kontatzea. Askotan pasatzen dira turistak [Zuloaga Etxetik] eta gida batzuk kontatzen dute asmatzen dutena. «Etxe hau famatua da mamu bat dagoelako». Jendea mamuaz galdetzera sartzen da askotan, eta ez dago mamurik, ez da inoiz izan. Hori mundutik ezabatu nahi dut. Oso etxe berria da! Gero, gogoan dut ere Itsas Etxean geundenean garai hartako gaztetxoak askoz ere ganberroagoak zirela. Atea jotzen zuten, eta irekitzera joaten zinenean txitxarroak hegan sartzen ziren. Gero korrika ateratzen ziren. Bazegoen kuadrilla xelebre bat, gaur egun denak dira guraso arduratsuak, baina garai haietan ziren… Ni ere gaztea nintzen. Polita zen. Beno, momentu honetan, orduko hartan ez zen hain polita (Barrez).