Euskal Herriko dantzariek hitzordua dute Hondarribian
Lagun Artean eta Zumardikoak elkarteek, udalaren laguntzarekin, V. Muxiko Eguna antolatu dute etzirako. Dantzan egiteaz gain, lagunak egiteko eta harremanak estutzeko egun paregabea izango da.

Igande honetan (hilak 14) bosgarren urtez mutxikoek herria dantzan jarriko dute egun osoz. Lagun Artean eta Zumardikoak elkarteek, udalaren laguntzarekin, V. Muxiko Eguna antolatu dute. Eguna iristeko gogoz daude Izaskun Muñoa, Patxi Lazkano eta Isabel Olazabal antolaketa taldeko kideak. Egun ona, eguzkitsua eta umoretsua izatea espero dute. Euskal Herri osoko 500 pertsona inguru bilduko dira Hondarribiko kaleetan zehar, eta «oso giro ona» sortuko dela ziurtatu dute.
Eguneko lehen hitzordua Damarri plazan egingo dute: 11:15ean Zazpi jauzi dantza egingo dute, aurkezpen dantza gisa. Ondoren, 11:30ean hasiko dute eguna. Lau trikitilari taldez lagunduta [Auntxa Trikitixa eskola, Maltzeta taldea, Jeiki Hadi eta Hondarribiko Erraldoien trikitilariak], kalejiran Arma Plazara helduko dira, bidean bi txalaparta talde izango dituztelarik harrera egiten: lehena udaletxe parean izango da, bigarrena, Arma Plazan. Plazan bertan mutxikoetan ariko dira, baina tartean fandangoa, arin-arina, Axuri beltza eta dantza mexikarrak edo balsak ere dantzatzeko aukera izango dute, hala «elkarrekin dantzatzeko», zehaztu du Olazabalek. Izan ere, dantza horietan dantzariak elkarren artean nahastu egiten dira eta horrek giroa «askoz ere aberatsagoa» egiten duela uste du.
Mutxikoetan biltzea, gainera, dantzan egiteko aitzakia izateaz gain, sozializatzeko tresna ere izaten dela erantsi du Lazkanok: «Mutxikoek duten onena da ez dela bakarrik dantzatzea, jendea sozializatzera etortzen da. Lagunak egiten dituzu eta jendeari asko gustatzen zaio hori». 13:15ean erraldoiek protagonismoa hartuko dute, eta jarraian, guztiak elkarrekin Porturantz jaitsiko dira. Bertan ere zenbait dantza egingo dituzte, eta nahi duen orok freskatzeko tragoska batzuk hartzeko aukera izango du. 14:00etan bazkaria egingo dute Ardoran. Sarrera guztiak agortuta dauden arren, eguna ongi amaitzeko 17:30ean Patxi Perez eta Konpainiak eskainiko duten kontzertura gerturatzeko deia egin dute. Kiroldegiko pistan izango da. «Patxi Perez oso famatua da guretzako eta jendeari asko gustatzen zaio», azaldu du Lazkanok.
Hondarribian dantzatzea «oso polita» da antolatzaileentzat. «Oso polita da dena», berretsi du Muñoak. Lazkanorentzat Arma Plazan dantza egitea da politena, baita Portuan ere. Olazabalek, berriz, Damarri plazatik irteten diren momentua du gustukoen, «jendetza biltzen baita». Parte hartzea irekia da eta guztiak berdin jantzita joaten dira: galtza urdina edo bakeroa, alkandora zuria, eta zapi urdina.
Mutxikoak Bidasoan
Hondarribian mutxikoekin bost urte daramatzaten arren, Irunen hasi ziren antolatzen. «Urrian Arrangoitzera joaten ginen eta oso festa polita egiten dute. Gure taldekoek [Lagun Artean] halako zerbait egitea pentsatu genuen, eta horrela hasi ginen». 2014an Maite Vicente eta Joserra Garrausekin elkartu eta Muxiko Gaua antolatzen hasi ziren. Lehen bi urtetan Urdanibia hotelean egin zuten. Arrakasta ikusita, Beko Errota jatetxera lekualdatzea pentsatu zuten, jende gehiagorentzako tokia bermatzeko. Jantoki hori txiki geratu zitzaien ere bai, eta egun osoko zerbait prestatzea erabaki zuten. Ficoban I. Muxiko Eguna egiteko dena prest zutenean, Irungo Udalak atzera bota zuen euren jarduera, «beste ekitaldi bat zuelako, gaztelaniazkoa». Egoera ikusita, 2018an Hondarribira begira jarri ziren. «Eskuak zabalik hartu gintuzten, eta bertan jarraitzen dugu». Orduko hartatik ari dira Zumardikoak elkartearekin elkarlanean.