'Azken gaztelua, azken portua' zikloa aurkeztu dute
Hondarribia Nafarroako erresumako azken portua izan zenetik 500 urte beteko dira hil honetan. Urteurrena baliatuz Amaiur eta Hondarribia senidetu egingo dira.
500 urte igaro dira Hondarribia Nafarroako erresuma izatez utzi zuenetik. Erresumako portu bakarra izan zen. 1522ko ekainean Karlos V.nak germaniar mertzenarioekin batera Hondarribia setiatu zuen. Urte t’erdiren ondoren, 1524ko otsailean negoziaketen bidea zabaldu zuten nafar-frantsesek Gaztelarekin eta hainbat proposamen ezberdin egin ondoren, azkenean, akordioa onartu zuten 1524ko apirilaren 29an.
Urtemugaren baitan, apirilerako, egitarau zabala prestatu du udalak. Hileko lehen hamabostaldian Zuloaga Etxean Nafarroari erreferentzia egiten dioten liburuak egongo dira irakurgai. Hortaz gain, bi hitzaldi antolatu dituzte: Lehena, hilaren 19an izango da, 19:00etan Paradoreko areto sozialean. Peio Monteanoren eskutik ‘Hondarribia eta Nafarroako guda (1521-1524)’ hitzaldia izango da entzungai. Bigarrena, berriz, hilaren 26an izango da, 19:00etan Paradoreko areto sozialean honakoa ere. Aitor Peskadorrek ‘Arerioa ispiluan. Nafarroako gudako nortasunak eta erreferenteak 1512-1524)’ hitzaldia eskainiko du.
Hitzaldiez gain erakusketa berezi bat antolatu dute ere, gaurtik maiatzaren 12ra arte zabalik egongo dena Arma Plaza Fundazioko erakusketa gelan. Aitzol Arroyo izan da erakusketaren arduradun nagusia. Bi herrien elementu ezberdinak baliatuz erakusketa “xume bezain duina” antolatu dutela azaldu du Arroyok, Hondarribiaren eta Amaiurren lotura historiko, politiko eta kulturala jasoaz. Gainera, urtemuga honi begira, propio, Xabi Strubellek poema musikatu bat sortu du ‘Mugarria’ izenekoa. Erakusketan bertan entzuteko aukera izango da Strubell-en beste hiru pieza musikalekin eta Pettiren ‘Amaiur gaztelu beltza’ kantuarekin batera. Diseinu lanetan, berriz, Gabri Alonso aritu da.
Apirileko ekitaldiez gain urtean zehar beste hainbat antolatuko dituztela gaineratu du Goio Uriarte Kultur teknikariak. Une honetan herriko zein kanpoko eragileekin ari dira lanean. Ekitaldi horien berri “pixkanaka” emango dute.
Zer ikusi daiteke erakusketan?
Ikusgai daude Amaiurko gazteluaren maketa, Amaiurko arotz batek enbor zati batean zizelkatutrikoa; Noaingo guduaren interpretazioa adierazten duen koadro bat; Enrique Lekuonak margoturiko akuarelak; San Nikolasko errebellinean atera zen bonbarda zati bat; XVI. mendean Hondarribiko herriko plazak zer itxura zuen erakusten duen irudi bat; 1524ko apirilaren 29an sinatutako Hondarribiko barkamenaren dokumentu batzuk, garaiko kaligrafiarekin; eta Amaiurko ezpata. Azken hau Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek 2010ean aurkitu zuten ezpataren erreplika da. Originala Amaiurko arkeologia zentroan ikus daiteke.
Hondarribiaren eta Amaiurren senidetze ekitaldia
Hilabete honetarako prestaturiko ekimen sorta borobiltzeko Hondarribiko eta Amaiurko herria senidetzeko ekitaldia egingo dute hilaren 27an. 12:00etan egingo dute ekitaldi instituzionala, eta segidan, herri ekitaldia egingo dute, Arma Plazan. Senidetzearen helburua argia dela azaldu du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, “Hondarribiak Amaiurko herriarekin zein Baztango eskualdearekin duen lotura hori sendotzea”.
Bihar hasiko dira lotura horri lehen keinua egiten. Goizean goiz autobus bat abiatuko da Amaiurrera. Udaleko ordezkaritza politiko ezberdinek eta zenbait herritarrek arkeologia zentroa eta gazteluaren aztarnak bisitatuko dituzte. Amaiurren harrera txiki bat egingo diete eta ondoren, hamaiketako bat egingo dute. Hilaren 27an, berriz, Amaiurko udalbatza Hondarribian izango da senidetze ekitaldian.