Aste Santu "arrakastatsua" Irun eta Hondarribiaren turismoarentzat
Bi hirietan hotelen okupazioa %100etik gertu egon da. Konpromisoa hartu du Bidasoa Bizirik-ek lan egitekoa "turismo eredu iraunkorragoa bat lortzeko".
Irungo eta Hondarribiko turismo okupazioa “arrakastatsua” izan dela baloratu du Bidasoa Bizirik-ek. Gaur egin dute balorazio agerraldian eta bertan izan dira Nuria Alzaga erakundearen presidentea eta Esti Urtizberea erakundearen presidente ordea.
Martxoaren 28tik apirilaren 7ra bitarte izan da Aste Santuko turismo epea, eta tarte horretan 2.688 bisitari jaso dituzte bi herrietako turismo bulegoek. Hotelen okupazioa, berriz, %88,01ekoa izan da Hondarribian, eta %93,70ekoa Irunen. “Zenbaki horiek erakusten dute turistek gure eskualdea nahiago dutela Aste Santuaz gozatzeko”.
Bisitari gehienak Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik gerturatu dira. Hondarribiaren kasuan, %76,27 izan dira jatorri horietakoak eta Irunen %88,39. Batez ere, Madril, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentzia, Gaztela Mantxa eta EAEkoak izan dira turistak.
Urtizberearen esanetan, datu hauek “turistentzako erreferentziazko helmuga” izatearen adierazle dira, “nazio mailan zein nazioartean”. Lanean segitzeko asmoa azaldu du “turismo eredu iraunkorrago bat lortzeko, tokiko pertsonen bizitzan ahalik eta inpaktu txikiena eraginez”.
Aste Santu honetako “arrakasta” turismo enpresek eta sektoreko gainerako eragileek batera egindako “ahaleginari esker” izan dela aitortu dute bi ordezkariek: “eskualdearen irudia indartu da, bisitari guztientzako helmuga anitza, erakargarria eta abegikorra baita”.
Bide horretan, Irun eta Hondarribiko turismoa “aro berri baten hasieran” dagoela diote, Helmuga Turistiko Adimentsu gisa aintzatetsi delako. “Bereizgarri hau gure eskualdearen lan neketsuaren eta etorkizunerako ikuspegiaren testigantza da” dio Alzagak.