'Anbotoko Mari' haurrentzako antzezlana, igande honetan
Amaia KZn izango da, 17:00etan, eta 3 eta 10 urte bitartekoei zuzendutako obra da. Sarrerak dagoeneko salgai daude ohiko bideetan.
Igande honetan, hilak 14, Anbotoko Mari euskarazko antzezlana Amaia KZko taulara igoko dute. Haurrei zuzendutako obra da, 3 eta 10 urte bitartekoentzat, eta bideo animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituzte. Hitzordua 17:00etan hasiko da.
Logela Multimediak produzitu eta Imanol Garaizabalek zuzendutako Anbotoko Marin Gari haurraren istorioa kontatuko dute: lagunekin pipertu eta Anbotoko kobazuloan sartuko da bakar-bakarrik, hau da, Mari jainkosaren bizitokian. Bertan, harri magiko bat aurkituko du eta, harria bertatik mugitu behar ez dela esaten dion ahotsari muzin eginda, lapurtzea erabakitzen du, lagunei erakusteko.
Marik, gertatutakoa ikusita, jarraitu egingo dio, mendietan barrena, eta Garik harriaren botere magikoak erabiliko ditu, harrapa ez dezan. Poliki-poliki, Tartalo, iratxoak eta beste izaki batzuk batuko dira harrapaketara.
Sarrerak dagoeneko eros daitezke ohiko bideetan: Amaia KZren webgunean, aurrez aurre Luis Marianoko turismo-bulegoan eta Amaia KZko txarteldegian, emanaldia hasteko ordubete falta denean, betiere sarrerarik geratzen bada.