“Politikoki gizartea ez dago prest tortura lantzeko”
Bi urteren ondoren ziklo bat itxiko du ‘Bi arnas’ dokumentalak maiatzaren 17an Hondarribiko Muaran, 19:00etan. Zikloaz aritu da hasieratik proiektuan egon den Imanol Arzuaga.
2022an estreinatu zen Bi arnas, Iratxe Sorzabal preso politiko irundarrak 2001eko atxiloaldian salatutako torturak ardatz dituena. Bi urte horietan dokumentala 100 alditan proiektatu dute Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Uruguaiko, Argentinako, Poloniako, Suitzako eta Alemaniako aretoetan.
Diru bilketa bat izan zen proiektuaren abiapuntua. Nola izan zen hastapena?
Harrigarria izan zen hastapena. Ideia zen Iratxeren [Sorzabal] egoera salatzeko zerbait egitea, eta hasi ginen prozesuarekin. Orduan, dokumentala egin nahi genuela erabaki eta diru bilketa abiatu genuen, eta poliki-poliki proiektua handitzen joan zen. Oso ausartak izan ginen, orain konturatzen garelako sartu ginela mundu batean jakin gabe zer zen. Apustua oso oso ondo atera zaigu, eta oso pozik gaude lortutakoarekin.
2020an Sorzabal laguntzea erabaki zuen Iratxeren Lagunak taldeak. Jakin duzue ea lagungarri izan zaion?
Anekdota bat daukagu. Jon Mikel Elorz zuzendariarekin joan nintzen espetxera Iratxe ezagut zezan, eta hark eskerrak eman zizkigun. Ez hori bakarrik, aitortu zigun dokumentalak lagundu diola bere zauria ixten joan dadin. Oso momentu polita izan zen bisita hori. Aitortza eta eskertza jaso genituen, eta horrekin bakarrik merezi izan du dokumentala egiteak. Bere afera kalean egotea, agenda politikoan egotea ere ondo dago, baina aitortza eta eskertzarekin bakarrik ere pozik gara. Azken finean, helburuetako bat hori zen.
Zeintzuk ziren beste helburuak?
Agenda politikoan ateratzea torturaren erabilera sistematikoa. Baita torturaren erabilera sistematikoa salatzea ere. Iratxeren kasua erabili dugu aitzakia bezala tortura salatzeko, eta tortura ez dela iraganeko kontu bat azaltzeko. Oraindik bizirik dago.
Bete dira helburu horiek?
Bai, bete dira. Iritsi gara toki askotara, elkarrizketa pila bat egin ditugu, atzerrian izan gara, Espainian egon gara, Zinemaldian ere bai… Bai, iritsi da, eta ez bakarrik gure inguruko tokietara edota ezker abertzaleko guneetara, beste toki batzuetara ailegatu gara ere bai. Agian ez nahi genukeen bezain beste, baina iritsi gara. Balorazioa oso baikorra da, baina pena bakarrarekin geratu gara: ez gara gai izan gazteengana iristeko. Arantza bat geratu zaigu. Transmisio hori egiteko ez gara gai izan. Toki puntualetan, bai, baina orokorrean adineko jendea etorri da dokumentala ikustera.
Tortura sistematikoki erabiltzen dela salatu duzue, eta zuekin batera, esaterako, Ander Iriarte oiartzuarrak Karpeta urdinak dokumentala egin du gaiaren gainean. Tortura salatzeko lan gehiago behar dira?
Oso bateragarriak dira bi lanak, eta gaia lantzen duten hamar lan baleude, hobeto. Kontua ez da lehia eta konpetentzia gure artean edukitzea, bateragarriak dira gure lanak. Badaude beste dokumental batzuk jada prest, bidean daude, eta emakume torturatuak dira lan horien ardatza. Ona da gaia lantzen duten lanak egitea, baita beharrezkoa ere. Bi arnas-ekin plaza askotara ailegatu da lehen aldiz tortura eta emakumeak uztartzen dituen auzia. Gu hasi ginenean jakin genuen gai berbera lantzen duen beste dokumental batekin ari direla lanean, baina oraindik ez dute argitaratu.
Gazteengana ez zarete ailegatu. Zergatik?
Buelta asko eman dizkiogu gaiari. Zaila da, eta batez ere zaila da institutuetan Bi arnas proiektatzea, tortura lantzea, alegia. Politikoki gizartea ez dago prest tortura lantzeko, eta eskutik doa institutuetan eta halako espazioetan lantzeko ere gai ez izatea. Oso mugatuta gaude. Batek baino gehiagok esan digu unibertsitatera joateko, eta guk baietz erantzuten dugu, baina guk ez dugu horretarako indarrik. Ate batzuk jo ditugu, baina zaila da, gizartea ez dagoelako prest eta sekulako kolpea jasoko genuke institutu batean proiektatuko bagenu. Pena da. Badakigu beste auzi batzuk lantzen diren dokumentalak proiektatzen direla ikastetxeetan, baina tortura tabu bat da. Hori horrela da.
Torturak tabua izaten segitzen du?
Poliki-poliki ez da hain tabua. Orain dela hamar urte ezinezkoa izango zen dokumentalak izan duen ibilbidea izatea. Horregatik diot poliki-poliki galtzen ari dela tabu hori. Nabari da ez dela erraz hitz egin daitekeen gaia. Adibidez, ETBk dokumentala erosi zuen duela urtebete, eta tiraderan du gordeta. Emititzeko konpromisoa hartu zuen, baita Primeran plataformara igotzekoa ere. Oraindik ez dute hori gauzatu, eta uste dugu ez dutela egin tabua delako. ETBrentzat tabua da.
«[Sorzabali] Dokumentalak lagundu dio bere zauria
ixten joan dadin»
Zentsuratua izan da dokumentala?
Espetxeetan nabaritu dugu zentsura. Zaballako espetxean proiektatu nahi izan genuen jakinaren gainean ginelako azken aldian jarduera kulturalak egiten ari direla bertan. Eskaera egin genuen, eta Eusko Jaurlaritzaren ezezkoa jaso genuen, bi alditan. Arrazoi politikoengatik esan ziguten ezetz. Egia da ere hedabide batzuk ez digutela kasu gehiegirik egin, baina ez da oso nabarmena edota oso agerikoa izan.
Maiatzaren 17an 19:00etan dokumentalaren ziklo itxiera bat egingo duzue Muaran. Zertarako?
Alde batetik, dokumentala egiten lagundu duen jendea izango da han, esplikatzeko dokumentalaren ibilbidea. Diru kontuez ere arituko gara, inportantea delako kontu hau. Jende askok dirua jarri du, eta askotan dirua jartzen dugu eta ez dakigu nora joaten den, zer egiten den horrekin. Horregatik azalpen bat eman nahi dugu. Bestetik, etekinak izan ditugu, diru sarrerak egon dira eta horren balorazioa egin nahi dugu, baita azaldu ere zer egingo den diru etekin horrekin. Oso garrantzitsua da hau guretzat.
Bestalde, ibilbideaz ere arituko gara, zein tokitan egon garen, zein balorazio jaso ditugun… Jendeari eskerrak emateko eguna izango da. Proiektu kolektibo bat dela azpimarratuko dugu, eta itxiera egingo dugu. Nahiz eta ni bozeramailea edota bideratzailea izan, proiektua kolektiboa da. Jende askok lagundu du, eta izugarria izan da dokumentalaren izateko modua. Orain ikusi dut nola egiten diren beste dokumentalak eta gure egiteko modua desberdina, ezohikoa izan da, eta hori hala izaten ari da balorazio eguna egingo dugulako, besteak beste. Hori nabarmendu nahi genuke.
«ETBk dokumentala erosi zuen duela urtebete, eta tiraderan dauka gordeta. ETBrentzat tabua da»
Zergatik egingo duzue orain itxiera ekitaldia?
Beharrezkoa ikusten genuen itxiera bat egitea, bestela poliki-poliki lausotu egingo zen dena eta zerbait formala egin nahi genuen, nahiz eta emanaldiak egiten segituko dugun. 2022ko maiatzaren 22an estreinatu zen, eta 2024ko maiatzaren 17an emango diogu gure itxiera.
Jendea batu da proiektu kolektibora diru bilketaren ondoren?
Bai, hainbat eratara gainera. Une politenetako bat izan zen dokumentalean agertzen den Bruselako elkarrizketaren egileak deitu zigunekoa. Jakin zuenean dokumentala egiten ari ginela berehala bere burua eskaini zigun. Oso ekarpen ederra eta izugarrizko oparia izan ziren bere elkarrizketa eta inplikazioa.
Zein balorazio jaso duzue torturatuak izan direnengatik?
Torturatua izan den jendea oso eskertuta dago. Espresuki eskertu digute, eta tortura zer den oso ongi jaso dugula aipatu digute, bai emakumeek bai eta gizonek. Emanaldi guztietan solasaldiak antolatu ditugu, bertaratu da torturatua izan den jendea, eta gehienak eskertuak daude. Egia da askok ez zutela hitza hartu hunkituta zeudelako, eta beste asko horregatik espresuki ez ziren etorri dokumentala ikustera. Oraindik beraien barruan zauria irekita dago. Torturatuekin izandako solasaldietan gauza intimo eta gogorrak esan dizkigute, eta errealitate horiek aurrean izatea oso esperientzia potentea izan da niretzat, baita polita eta interesgarria ere.
«Torturatua izan den jendea oso
eskertuta dago»
Arduradun politikoren baten baloraziorik jaso duzue?
Ezker abertzaleko arduradun politikoena soilik. Beste arduradun politikoena ez. Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin bildu ginen ere bai, eta harrera ona jaso genuen haien partetik. Otsailaren 13a Euskal Herrian Torturaren Eguna da, eta Gogora Institutuan izan ginen, solasaldia eskaintzeko. Bertan ETAren biktima bat zegoen, eta torturatua izan zen beste biktima bat. Azken honek lehen aldiz hitz egin zuen publiko aurrean bere kasuari buruz. Ika- mika egon zen bien artean: ETAren biktimak esaten zuen bizitza izorratu ziola atentatuak, eta besteak erantzun zion biei gatazka politikoak bizitza izorratu diela. «Zuri ETAren atentatuak; niri Guardia Zibilak atxilotzea, torturatzea eta ordutik arazo psikiatrikoak izateak». Biei izorratu zieten bizitza, baina ETAren biktimari aitortza egin diote, eta torturaren biktimari ez. Diferentzia hori da. Biktima guztiek behar dugu aitortza.
Dokumentalak bi urte darama Iratxeren torturak salatzen, baina oraindik ez dizkiote aitortu.
Ez, eta segur aski ez dizkiote aitortuko. Epaian ageri da estres post-traumatikoa daukala, Istanbuleko protokoloa ere onartu zioten, eta ikusi da estres post- traumatikoa daukala. Dena den, epaileak dio, forentsea izan gabe, horrek ez duela zertan izan behar torturagatik, espetxean pasa dituen urteengatik dela. Harrigarria da. Torturatua izan dela onartuko bazuten, hankaz gora geldituko litzateke bere sententzia eta Espainiako justizia agerian geratuko zen. Ez dute onartuko, hori argi dugu.
Duela gutxi hainbat informazio atera dira Ramon Doral Trabadelo ertzainaren hilketarekin lotuz Iratxe Sorzabal. Horren berri zenuten?
Ez da auzi berria. Ireki eta itxi egiten dute. Ez dakigu zein bide egingo duen, zergatik atera duten auzia, eta zergatik atera duen Ertzaintzak. Hortxe uzten ditut galderak