Maria Fernanda Sanchez Goñiren hitzaldia, Oiasso Museoan
'Cambio climático y evolución humana' hitzaldia apirilaren 12an izango da, 19:00etan, Oiasso Museoaren Portua aretoan, doan.
Maria Fernanda Sanchez Goñi arkeologo eta ikertzaileak hitzaldia emango du apirilaren 12an, Oiasso Museoaren egoitzako Portua aretoan. ‘Cambio climático y evolución humana’ hitzaldia 19:00etan izango da, doan. Bertan, klima aldaketa zer den eta giza eboluzioan zein inpaktu duen ikasiko dute ikertzaileak egindako lanaren bidez.
‘Emakume arkeologoak Gipuzkoan’ erakusketaren inguruan prestatutako jarduera programaren baitan antolatu dute hitzaldi hori. Erakusketa, hain zuzen, maiatzaren 31ra arte dago ikusgai Oiasso Museoaren egoitzan, eta izenak dioen moduan, emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan egin duten lana du oinarri.
Sanchez itsasoaren sakoneko sedimentu sekuentzian gordetako polen garauak aztertzen aditua da, eta klima aldaketaren eta azken milioi bat urteko ziklo glaziar eta interglaziarren eta ziklo zakarren dinamika lantzen du; bereziki, landaretzaren, atmosferaren, ozeanoaren eta kasko polarren arteko interakzioa eta aldaketek giza eboluzioan duten inpaktua.