Errealitateaz modu seguruan gozatzeko, Gotti Burua
Sakelakoen erabileraren gainean hausnartzeko eta hura jasotzeko adina urte batzuk atzeratzeko sortu zen Gotti Burua taldea 2023ko urrian. Hondarribiko hiru eskoletako gurasoek osatzen dute.
Miren Ross Altxa Burua dinamikaren sortzailea da, eta Gipuzkoa osoan sakelako telefonoen erabileraren inguruko hitzaldiak ematen dabil. Hondarribian iaz egin zuen geldialdia. Talaia eskolan, adibidez, zenbait guraso prest agertu ziren taldetxo bat osatu eta dinamika hori martxan jartzeko. Ondoren, Hondarribiko Udalak bilera bat egin zuen hiru ikastetxeetako guraso elkarteekin, eta guztiak berdinean ari zirela ikusita indarrak bateratzea pentsatu zuten, «piña egiteko». Hala sortu zen Gotti Burua taldea 2023ko urrian. Talaia, Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeetako gurasoek osatzen dute eta egitasmoaren berri eman diote Hitza-ri.
Taldearen helburuetako bat da sakelakoen eta teknologia aparailuen gainean hausnarketa bultzatzea. Izan ere, egunerokoan «gurasoak eta denak mugikorrei engantxatuta» daudela diote. «Konturatu gara asko galtzen dugula errealitatean ez egoteagatik». Baina ez hori bakarrik. Egun mugikorrak dituzten asko eta asko «oso haurrak» dira, eta «heldutasuna falta zaie». Errealitate birtual hori errealitatera eramaten dutela kontatu dute kideek. «Adibidez, sarean norbaitekin sartzen badira teorian ez dago ondoriorik, askotan aukera dutelako era anonimoan aritzeko. Uste dute gauza berbera gertatzen dela errealitatean. Jokabide horiek errealitatera eramaten dituzte heldutasuna falta zaielako». Honakoa egun arazo bilakatu dela uste dute, baina etorkizunera begira arazoa are larriagoa bilaka daitekeela. Zentzu horretan, bigarren helburu gisa sakelakoa jasotzeko adina urte batzuk atzeratzea ezarri dute. «Teknologia gurekin dago eta onartu behar da onuragarria izan daitekeela gauza askotarako, baina zergatik eman behar zaie 12 urterekin smartphone bat. Hori atzeratzea da helburua. Azkenean, urte bat edo bi atzeratuz heldutasun maila handiagoa izango dute eta kontzienteago izango dira gauza gehiagoz».
Orain arteko dinamikak
Taldea sortzerakoan inkesta batzuk prestatu, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan zein DBHko 1. mailan banatu zituzten, hasierako egoera ezagutzeko. «Zeinek duen sakelakoa, zeinek ez, nolako gailuak diren…». Datu horiek kontuan izanda hasi ziren lanean. Bestetik, taldea ezagutarazteko arraunlarien laguntzarekin bideo bat grabatu zuten iazko Gabonetan, «sakelakoak alde batera uzteko eta familia giroan gauden garaian elkarrekin egoteko». Orain, Gurea erabil dezakezu dinamika abiarazi berri dute. Auzoka, Mendelu auzotik Kirol Kai ingururaino, herriko komertzio gehientsuetan pegatinak banatu eta eskolen bidez pegatinaren nondik norakoen lanketa egin zuten. «Zergatik ematen diegu mugikorra? Gure beldurrengatik. Eta nola kendu dezakegu hori? Bada, pegatina bat jartzen.». Aurrerantzean eransgailua duten saltokietako telefonoa erabili ahal izango dute gazteek.
Altxa burua dinamikaren barruan «dena asmatuta» dagoela adierazi dute kideak, eta beste herrietan funtzionatu duen hori herrian aplikatzen saiatzen direla. Bestetik, eskolen prestutasuna nabarmendu dute; izan ere, eskolei zuzenean eragiten dien arazoa dela uste dute. «Irakasleek arazoa ikusten dute. Eskolan, patio orduetan adibidez, abstinentzia-sindromea ikusten hasi dira». Haatik, irakasleak proiektuarekin laguntzeko eta gazteei beharrezko informazioa emateko ezinbesteko aliatuak dira.