Babes ofizialeko etxebizitza kopurua %20 handitzea proposatu du PSE-EEk
Etxebizitzak Etxanikenea eta Tudelenea eremuetan eraikitzea proposatu eta horiek eraikitzeko epea murriztea eskatu dute sozialistek.
Hondarribiko sozialistek, beste behin, udalerriko etxebizitzaren egoera salatu dute, beren ustez Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak “herritarren interesak alde batera utzi eta hiria gutxi batzuen zerbitzura” jartzen duelako. Zentzu horretan, babes ofizialeko etxebizitza gehiago sortzeko proposamen bat egin du PSE-EEk.
Sozialistek diotenez HAPOren azterlanean 309 etxebizitza babestu inguru daude aurreikusita, eta Etxanikenean beste 250. Udal taldeak kopurua %20 handitzea proposatzen du, hala 670 etxebizitzetara iristeko. Horretarako, Etxanikenea eremuan eraikitzeaz gain Tudelenean ere egitea proposatzen du. Bi eremuak saihesbidearen ondoan daude, “oso ondo komunikatuta” eta orografia primerakoa dela iritzi dute.
Etxanikenea eremuko obrak hemendik 10 urte barru egitea aurreikusita daude HAPOn. Sozialistek, ordea, epea deitoratu dute beren ustez udalak gaitasun legal, finantzario eta teknikoa dituelako “lurrak bereganatzeko eta etxebizitzak sustatzeko”. Bestetik, gaineratu dute udalak “helburu irmoa” izan behar duela 670 etxebizitza horietatik gutxienez %50a alokairu sozialerako bideratzeko.