Liburutegiko bazkide kopurua handitu egin da
Iazko datuen balantzea egin dute gaur CBAn. Guztira, 143.078 bisita jaso ditu kultur zentroak, erabilera kopuruek gora egin dute, oro har.
CBA liburutegiaren 2023ko datuen balantzea egin dute gaur eta nabarmendu dute azken 4 urtetako daturik onenak erregistratu dituztela. Guztira, 143.078 bisita egin dira liburutegira, hau da, 2022an baino %9,66 gehiago. Orotara, 304 egunez eta 2.884 orduz zabaldu zituen ateak CBAk.
Nuria Alzaga Kultura ordezkaria izan da gaurko agerraldian eta gogoratu du iaz ere “hazi eta finkatutako helburu guztiak” lortu zituztela, eta aurrera begira gehiago haztea dutela xede nabarmendu du. “Aukera paregabea dugu kulturarentzat, baina kontuan izan beharra dago betiere ongi egindako lana eta datu bikainak ditugula abiapuntu”. Gaineratu du CBA Irungo kulturaren eta irakurketaren “erreferentziazko” zentroa dela.
Bazkideen kopuruak gora egin du. 2023 urte amaieran, 34.243 bazkide zeuden, bi puntu eta erdi gehiago aurreko urtearekin alderatuta. Ia %89 irundarrak ziren eta horietatik %55 emakumeak. Batik bat 45 urtetik 64 urte bitartekoak dira bazkideak (%34,09), eta 0 eta 14 urte bitartekoak ez dira hainbeste (%8,74) hain zuzen ere.
Egun, irundarrek %47,31k dauka liburutegiko txartela, eta iaz 900 txartel berri egin zituzten. Bazkide berri horiek artean, haurren %76,10ek erabili zuten mailegu zerbitzua, eta helduen %65,14k.
Maileguei dagokienez, bazkideen %15,19k mailegatu zuten zerbait. Bide horretan, adinaren araberako desberdintasun handiak izan zirela azaldu dute; haurren eta 13 urtetik beherako gazteen %44,59k erabili zuten mailegu zerbitzua. Aldiz, helduen artean, %13,17k bakarrik. Agerraldian azaldu dutenez, helduek nagusiki bazkidetza baliatzen dute hemeroteka kontsultatzeko, Internet zerbitzua erabiltzeko, jardueretan parte hartzeko eta ikasketa gela erabiltzeko.
Horrez gain, CBA liburutegiak ikastetxeen 23 bisita jaso zituen; guztira, 553 ikasle.
Nobedadeak eta eguneraketak
2023ko abenduaren 31n, liburutegiak 88.943 dokumentu zituen, formatu ezberdinetan eta nagusitzen direnak liburuak dira. Horrez gain, iaz 5.116 dokumentu sartu ziren liburutegian, eta horrela, liburutegiaren funtsaren %5,71 berritu dute: %95,47 liburuak ziren, eta %4,52 ikus-entzunezko dokumentuak.
Guztira, 77.429 euro gastatu zituzten erosketetan, eta beste 10.000 euro argitalpen seriatuetan. Biztanleko 1,21 euroko gastua egin zuten. Inbertsio honi esker, mailegu zerbitzuaren erabilera %10,35 hazi zen 2022 urtearekin konparatuta, 51.708 mailegatu zirelako. Maileguen %93,07 liburuak izan ziren, eta %6,93 ikus entzunezko eta entzunezko dokumentuen eta dokumentu elektronikoen maileguak.
Mailegu zerbitzuan nabarmen hazi da liburuen mailegatzea. Aldiz, ikus entzunezko, entzuteko dokumentuen eta dokumentu elektronikoen mailegutza behera egin dute. Udalak dio kontutan hartzekoa dela kultura kontsumitzeko joera aldaketak.
Bestalde, liburutegian fisikoki ez dauden dokumentuak lortzeko bideetako bat liburutegi arteko mailegua dela azaldu dute, eta 2023an, 3.745 eskaera egin ziren beste liburutegi batzuei: %10,27 gehiago aurreko urtean baino, eta batez beste, 73,43 astean.
Interneta doan erabil daiteke liburutegian, kontuan izanik liburutegi publiko ororen jardunaren oinarrizko printzipio eta helburuak. Bada, 2023an, 732 pertsonek erabili zituzten CBAko ordenagailuak, 10.355 saiotan. Beraz, hazi egin da saioen kopurua %26,2an. Datu orokorretara jota, liburutegiko bazkideen %7,23k erabili zuen Internet zerbitzua.
Jarduerak
Orotara, 295 jarduera egin, eta 3.958 parte hartzaile joan ziren haietara. Joan den urtean jarduerak antolatzeko 260 eskaera jaso zituzten, %32 gehiago 2022an baino.
Bisitari gehiago erakarri zituela Emakumeen Egunaren harira egindako erakusketak azaldu dute. Era berean, Pierre Lotiri buruzko erakusketa bat jarri zela ere oroitu dute.
Mariasun Landaren eta Jorge Oteizaren omenezko ekimenak ere egin zituzten aurreko urtean. Landa omentzeko, duela 20 urte Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eman ziotela aprobetxatu zuten. Bestetik, Jorge Oteizaren heriotzaren hogeigarren urteurrena izan zuten abiapuntu.