Bidasoa Irun, Espainiako Kopan aurrera egitera
Irundarrek Alacanten jokatuko dute apirilaren 10ean, Fundacion Agustinos Alicanteren aurka. Kanporaketa gainditzen badute, txapelketako azken fasea jokatzeko sailkatuko dira.
Bidasoa Irunek Espainiako Kopako hirugarren kanporaketako partida jokatuko du apirilaren 10ean Fundacion Agustinos Alicanteren aurka, oraindik zehazteko dagoen ordutegi batean. Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da, Alacanten, irundarren aurkaria maila txikiagokoa baita; hortaz, etxetik urrun arituko dira bidasoarrak.
Bidasoak kanporaketa gainditzen badu, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean eta 2an lehiatuko den Espainiako Kopako azken fasera igaroko da. Fase hori zortzi taldek jokatuko dute, eta Bartzelona eta Logroño La Rioja zortzi onenen artean daude jada, iazko txapeldun eta txapeldunorde izan baitziren, hurrenez hurren.
Klub irundarra hamaikagarrenez jarraian ari da parte hartzen Espainiako Kopan, eta orotara, honakoa da historiako 37. parte hartzea haientzat. Bidasoarrek, gainera, bitan irabazi dute txapelketa: 1991n Alziran (Valentzia) eta 1996an Leonen.
Espainiako Kopako kanporaketaren aurretik, bidasoarrek Asobal Ligako partida jokatuko dute ostiral honetan Artalekun. Eta ez da nolanahiko neurketa izango, Anaitasunaren aurkako derbia jokatuko baitute 19:00etatik aurrera.