36 migratzailek Korrikarekin muga zeharkatu izana aitortu dute hamaika eragilek
Santiago zubian desobedientzia zibileko ekintza burutu zuten Ipar eta Hego Euskal Herriko hainbat eragilek eta 36 migratzaileri Baionarainoko bide segurua bermatu zieten.
Ipar eta Hego Euskal Herriko hogei bat erakundek bere gain hartu dute martxoaren 14ean, 23. Korrikaren barruan, Santiago zubian 36 migratzaileri Hendaiara pasatzen laguntzeko desobedientzia zibileko ekintza. Baionarainoko migratzaileen bide segurua ziurtatu zietela aitortu dute, baita Baionako Pausa zentroko haien harrera bermatu ere.
Ficoban bildu dira gaur ekintza bere gain hartu duten erakundeak eta hilaren 14koa egin zutela diote mobilizazio eta ekintza ezberdinak egin arren, “egoera ez delako aldatzen”. Hilaren 14ko desobedientzia zibileko ekintzaren bitartez, hainbat salaketa egin dituzte.
Batetik, Europako Batasunaren immigrazio politika “errepresiboa” salatu dute, eta politika horiek haien herrialdetatik ihesean dabiltzan pertsonak “ahuldu” egiten dituztela diote, “sare mafioso, esplotazio eta giza salerosketa ugarietara bultzatuz”.
Frantziako gobernuak onartu berri duen immigrazio legea ere izan dute hizpide: “Kanporatzeen aurka babestutako kategoriak ezabatu, aurrekaririk gabeko kriminalitate bikoitzaren hedapena, bizileku baimenen egonkortasunaren amaiera, erbesteratuen oinarrizko eskubideak erreprimitu, baztertu, urratu nahi dituzte”. Neurri hauekin, gainera, migranteak “estigmatizatu eta arriskuan” jartzen dituzte.
Beste behin mugak “behin betiko” irekitzea galdegin dute “guztion zirkulazio askea bermatzeko”. Azaldu dutenez, mugak itxita irauten duen bitartean “erakunde sinatzaile guztiek elkarrekin jarduten jarraituko” dute immigrazio politika “gizatiarrago eta justuago baten alde”.
Egungo immigrazio politikak “errotik aldatzea” eskatu dute: “Inor ilegala ez denez eta denok eskubide berdinak izan beharko genituzkeelako, immigrazio politika guzti hauetan errotik aldatzea eskatzen dugu”. Europako Batasunean dagoen pertsona orok helmugako herrialdea aukeratzeko aukera aldarrikatu dute, bertan finkatu, integratu eta nahi duen hizkuntza ikasteko.
Gogoratu dute Euskal Herria “beti” izan dela “harrera, immigrazio eta emigrazio” lurraldea, eta hala izaten jarraitu nahi duela adierazi dute. Bide horretan, hizkuntzaren garrantzia azpimarratu dute “integraziorako” garrantzitsua delako. Beraz, hizkuntzak ikasteko denentzako sarbidea aldarri izan dute eta agintari publikoei eskatu diete ahalik eta “baliabide gehien” jartzea harrera baldintza “duinak eta seguruak bermatzeko eta nahi duten guztiei hemen edo beste leku batean bizitzen uzteko”.
Sei urte kontrol arrazistekin
2018tik gogortu zituen Irun eta Hendaia arteko kontrolak Frantziako poliziak, nagusiki zuriak ez diren pertsonen gainean. Kontrol horiek egiteko sei hilean behin Frantziako gobernuak “aitzaki berri bat” bilatzen duela mahai gaineratu dute gaurko agerraldiko hamaika erakundeek eta salatu dute erabaki horrekin migratzen dabiltzanak “blokatzeko helburu bakarra” duela.
“Mundu hobe baten bila” migratzen dela oroitu nahi izan dute, baina pertsona horiek “bidaia luze eta arriskutsua” egin behar dutela deitoratu dute, “heriotza bidean izan daitekeela gogoan ukanez”.
Harrera politikez ere aritu dira eta diote Europara iristen direnek, askotan, oso informazio gutxi jasotzen dutela dauden lekuaren, dituzten eskubideen edota eskura dituzten baliabideen gainekoak. Hori guztia, kontutan hartu gabe “beren kalbarioaz traumatizatuak, eta ibilbide kaotiko eta grinatsua” bizkarrean dutela.
Erakunde sinatzaileek uste dute Espainiako eta Frantziako gobernuek eta Europako Batasunak “duintasunik gabe” hartzen dituztela migratzaileak “prekarietatean bizirik irauteko”. Gaineratu dute “posta pakete” hutsak balira bezala tratatzen dituztela.
Horrez aparte, Irundik pasoan dabiltzan migratzaileek Irungo Gurutze Gorrian 3 egun bakarrik igaro ditzakete, eta baldintza horrek ez diela beharrezkoa zaien “informazio lortzeko eta ulertzeko” denborarik ematen salatu dute. Erantsi dute bidean aurrera eginda Frantziako zubiak inolako legezko prozedurarik errespetatu gabe itzultzen dituztela. “Basakeri horrek pertsona batzuk askoz arrisku gehiago hartzera bultzatzen ditu. Tren bideetatik ibiltzera, autobideko larrialdietako ertzetan ibiltzera edo Bidasoa igerika zeharkatzera”. Kondenatu egin dituzte Gipuzkoatik Lapurdira bidean hildako bederatzi heriotzak.
Mugaren itxiera sistematikoa eta kontrol arrazistak salatzeko jada hamaika ekintza egin dituzte Ipar eta Hego Euskal Herriko eragile ezberdinek. Horietako batzuk gogoratu dituzte, esaterako, 2022ko azaroaren 1ean, Avenida zubia sinboliko herritarrek ireki zutenekoa eta 2023ko uztailaren 22an Behobiako zubiko kontrol postua kartelekin estaltzea Europako barne mugak irekitzea eta kontrol arrazisten amaiera eskatuz.
Etorkizuneko neurri politikoak
Aurreratu dute laster Europako Itun berria sinatuko duela Europako Batasunak eta harekin “migrazio politika kanpoko mugetan gogortu” egingo dutela. Hori gutxi ez eta pertsona gehiago “hiltzera kondenatuko” dituztela diote, jada hilerria den Mediterraneo itsasoan.
Frantziako gobernuak onartu berri duen Immigrazio Legeak atzerritarren “estigmatizazioa eta errepresioa”antolatzen dituela uste dute: “Itun honek beldurrekin jolasten du, oinarrizko eskubideen kaltetan eta migrazio mugimenduen errealitatea iluntzen du”.