Endaneako langileek elkarretaratzeko deia egin dute
Aste Santuko ostegun, ostiral eta igandean egingo dituzte elkarretaratzeak Endanean, 10:00etan, eta baita apirileko astelehenetan ere.
Endaneako langileek hiru elkarretaratzeren berri eman dute LAB eta ELA sindikatuekin batera argitaratu duten prentsa ohar batean, eta adierazi dute langileak lan baldintza duinen alde borrokan hasi direla “egoera jasan ezinean” lan egin behar dutelako.
Oharraren hasieran salatzen dute haien lan baldintzak prekarioa den estatu Espainoleko loreen eta landareen salmenten hitzarmenak arautzen dituela, eta urtean 1788 lan ordu egiten dituztela gutxieneko soldataren truke eta zerbitzua astelehenetik igandera emanez.
Duela gutxi arte enpresak bi asteburutik behin atseden egunak errespetatzen zizkiela azaltzen du oharrak, baina egoera “erabat” aldatu dela azpimarratu dute. Urtarrilean hasi ziren urteko egutegia negoziatzen, eta, langileek, langileen eta enpresaren beharretara egokitzen zen egutegi bat proposatu zutela diote. Hala ere, diotenez, adostasun batera heltzear zeudenean, martxoaren 15ean zehazki, enpresak bere proposamena ezartzea erabaki zuen. Gauzak horrela, apirilaren 8tik hasita, urteko astelehen guztietan Endanea itxita egongo da, eta langileek, ondorioz, urteko larunbat guztietan egin beharko dute lan.
Egoera honek kontziliazio arazo ugari sortuko dituela diote langileek: “Inola ere ezin izango dugu uztartu bizitza sozialik. Ezingo gara egon gure familia edo lagunekin asteburuetan, ez eta aisialdi proiekturik burutu. Gainera inposatutako egutegiarekin, ordutegi aldaketak pairatzen ditugu. Neurri honen eraginez, egunero enpresan bertan bazkaltzera behartzen gaitu, hogei minututan. Honek guztiak gure osasunean eragin handia izango du”.
Langileek enpresaren jokaera gaitzetsi dute, eta salatu hitza entzun beharrean enpresaren beharretara mugatu dela, “inolako aldebikotasuneko adostasunik egon gabe”.
Egoera zein den ikusita, Aste Santuko ostegun, ostiral eta igandean, 10:00etan, elkarretaratzeak deitu dituzte Endanea aurrean, eta gehitu dute bilkura horiek jai egunetan langileak lanean daudela salatzeko ere baliatu nahi dituztela. Horretaz gain, apirileko astelehenetan elkarretaratzeak egingo dituztela azaldu dute, “inolaz ere neurri gogorragoak hartzea atzean utzi gabe”.