Obrak egingo dituzte Aureliano Lopez Becerra kalean, apirilean
Apirilaren 3tik 12ra bitartean egingo dituzte obrak, inguru horretako saneamendu sistema hobetzeko asmoarekin.
Obrak egingo dituzte Apirilaren 3tik 12ra bitartean Irungo Aureliano Lopez de Becerra kalean, inguru horretako saneamendu sistema hobetze aldera.
Gaur egungo saneamendu sistema “nahiko zaharra izateaz gain, egoera txarrean” dago, eta horrek Aureliano Lopez Becerra (1 zenbakitik 5era), Juan Arana (4tik 14ra), Gipuzkoa Etorbidea (2tik 6ra) eta Kolon pasealekua (29tik 41era) kaleek mugatzen duten etxadi osoaren isurketak biltzen ditu. Aipatutako sistema hori, gainera, Kolon pasealekua zeharkatzen duen galeria batekin lotzen da, Cipriano Larrañagara iritsi arte.
Estolda horrekin konektatzen duen kolektore nagusia hondoratua dago puntu batean, eta sistemak, ondorioz, gainezka egiten du. Arazo hori konpontzeko 5 metro inguruko sakonera duten indusketak egingo dituzte hautsitako hodia konpondu eta sistemaren zati zaharra etorkizunean ikuskatzea eta konpontzea ahalbidetuko duen egitura bat eraikitzeko.
Lanek eragina izango dute kaleko garaje eta jardueretan, eta ondorioz ibilgailu eta oinezkoen sarbidea moztuta egongo da apirilaren 3tik 12ra, goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpietara.