Aberri Eguna ospatuko du Irungo EAJk
Irungo Batzokian izango dira ekitaldi gehienak. Lehena, baina, meza izango da Junkal parrokian.
Igande honetan da Aberri Eguna (hilak 31) eta Irungo EAJk hirian bertan ospatuko duela iragarri du. Hala, mezarekin hasiko dute eguna Junkal parrokian, 10:30ean. Jarraian, 12:00etan, batzokian ikurrina igo eta aurreskua dantzatuko dute. Azkenik, mokadutxoa jango dute. “Ospa dezagun gure eguna, euskaldun guztiona, inoiz baino elkartuago, barruan dugun onena ateraz. Gora Euskadi askatuta eta gora Irun”.
Gonbidapena irundar guztiei zabaldu diete, ongi pasatzeko “lagun artean eta giro paregabean”. Halaber, irundarrei eskatu diete haien etxeetatik kanpora begira ikurrinak jartzea, “urteetan zehar gure aberriaren alde egindakoak goraipatzeko asmotan”.
Gogoratu dute EAJ “beti” egon dela “hor” eta hortxe jarraituko duela. “Beti laguntzeko, proposatzeko eta irundarren interesak defendatzeko prest”. Alderdi jeltzaleak 100 urte baino gehiago daramatzala “euskal nazioa eraikitzen” diote, “nazio kultural, politiko, instituzional, sozial, internazional eta baloreduna”.