Lur Alai da Euskadiko Taldekako Squash txapelduna
Xabi Azaldegik, Iñaki Garciak eta Gorka Arretxek ordezkatu dute Irungo taldea Gasteizen jokatu den Euskadiko Txapelketan.
Asteburu honetan jokatu da Euskadiko Taldekako Squash Txapelketa Gasteizen eta Irungo Lur Alai Squash taldea izan da garaile. Bi urteren ondoren, arantza kendu dute irundarrek. Izan ere, 2022an, Sestaoko Benedikta Squash taldearen kontra galdu zuten finalean, eta aurtengo finala sestaoarren aurka izan da ere.
Klub bakoitzeko hiru jokalarik hartu zuten parte, eta guztira 11 talde izan ziren ordezkatuta. Lur Alairentzat lehen aldia da txapela hau janzten duen Euskadiko Txapelketan. Irungo taldea ordezkatzen aritu dira: Xabi Azaldegi, Iñaki Garcia eta Gorka Arretxe.
Nabarmendu dute Irungo squash pistak “abandonatuta” egoteko squasha “oinarri sendoetatik berreraiki” izana, eta jokalari onenak izatera iritsi izana.
Garaipenarekin zorion mezuak ailegatu dira, eta Lur Alaik eskertu egin ditu zaletuak, baina baita jokalarien inplikazioa, pasio eta eguneroko lana. “Pista barruan dauden pertsonak dira, egunero entrenatzen, alde batetik bestera mugitzen eta haien denbora ematen duten lehen protagonistak dira”.
Hurrengo hitzordua, Irungo Artalekun izango da apirilaren 19, 20 eta 21ean. Alizia Txoperena II.Txapelketa Nazionala antolatuko du Lur Alaik eta 3.000 eurokoa izango da saria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Iberdrolaren babesa lortu dute txapelketarako eta Espainiako Estatuko jokalari onenak espero dituztela aurreratu dute. Bertaratu ezingo dutenek, YouTube bidez jarraitu ahal izango dutela aurreratu dute.