Abian da 2024ko udal dirulaguntzen deialdi orokorra
Irungo Udalak 1.926.755 euro onartu ditu, 49 finantzaketa lerrori eragingo diena. Apirilaren bigarren hamabostalditik aurrera ahalko dira eskatu.
Irungo Udalak 49 finantzaketa lerrori eragingo dien 1.926.755 euroko diru laguntzen deialdi orokorra onartu du. Lerro horietako batzuk honako jarduera hauek dira: gizarte ongizatea, adinekoak, lankidetza, hezkuntza, gazteria, kultura, kirola, enplegua, sustapen ekonomikoa, herritarren partaidetza, euskara, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa.
Diru laguntza hauekin udal baliabideak “hiriaren zerbitzura” jarri nahi dituzte, hala nola, hiria dinamizatzeko jarduerekin edota enplegua sustatzekoarekin. Interes publikoko proiektuak sustatuz, hiria “hobetu eta bizirik mantendu” nahi dituzte. Dirulaguntza hauek apirileko bigarren hamabostalditik aurrera ahalko dira eskatu, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetan behin argitaratuta.
Arloka xehatu dituzte laguntza horiek, eta Hiriko merkataritza eta enpresen sorrera sustatzeko 400.000 euro bideratuko dituzte. Bestalde, Hirigintzako eta Garapen Jasangarriko arlora 580.000 euro bideratuko dituzte, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetu eta bizitegi eraikinak birgaitzeko.
Gizarte gaietan 300.000 euroko inbertsioa egingo dute, adinekoen elkarteen eta ikastetxeen jardueretarako, lankidetza proiektutarako eta gazteentzako programetarako. Horrez gain, hiriko auzo elkarteei ere bideratuko diete dirua eta 100.000 euro inguru jasoko dituzte auzoetan jarduerak antolatzeko eta auzoetako liburutegiak kudeatzeko.
Kultura, kirol eta berdintasun eta euskara gaietarako ere “laguntza handiak” emango direla azaldu dute, bestelako diru zehaztasunik gabe. Bai, baina, azaldu dutela inauterietako konpartsak laguntzeko erabiliko dela eta gazteen artean kultur jarduerak sustatzeko. Kirol arloan, ohi moduan, urte osoko kirol jarduerak, eskola kirola eta ekitaldi puntualak sustatuko dituzte. Euskara Arloak zazpi laguntza lerro kudeatuko ditu, 100.000 euro baino gehiago, euskalduntze proiektuetan laguntzeko.
Azkenik, dirulaguntzen deialdi honetan, udalak baldintza eta inprimaki estandarizatuak jarriko ditu herritarren eskura, informazioa lortzea errazteko eta tramitazio elektronikoa sustatzeko. Era berean, udal zerbitzuen efizientzia hobetu nahi dute.