Lehen arretako zerbitzu batzuk udalaren lokal batzuetara lekualdatzea proposatu du EAJk
Behin behineko lekualdatzea litzatekeela azaldu dute. Bestalde, Via Irunen anbulatorio berri integral bat eraikitzea, Oinaurrekoarekin bateragarria dela azaldu dute. Lehen arreta hobetze aldera udalak ez dituela "etxeko lanak" egin deitoratu dute.
Lehen arreta hobetzeko proposamen berri bat egin du gaurkoan EAJk. Aurretik, baina, nabarmendu dute orain arte lanean aritu direla ere, eta orain arteko eta gaurko proposamena egikaritzeko bi urte daramatzatela pertsonalarekin eta profesionalekin elkartzen, eta beharrak identifikatu dituztela elkarrekin. Ondorioztatu dute erronka garrantzitsuetako bat gizartearen “zahartzea” dela eta horrek “zerbitzu gehiago eskaintzea” ekarriko duela uste dute. Hartara, errealitate hori aintzat hartzen duen sistema publikoa aldarri izan dute, “berritasuna” izango litzatekeena.
Oro har, gaurko agerraldian azken urteetako bide orriari eutsi diote jeltzaleek, eta erdigunean “anbulatorio berri eta integral bat” egitearen alde segitzen dute. Horretarako, Osasun Sailak udalari 8.000 metro karratuko lursaila erdigunean presta dezala eskatu izana gogoratu dute. Baina, udalak Oinaurreko 3.500 metro karratuko lursaila eskaini zuela deitoratu dute.
Jeltzaleentzat udalak ez ditu “etxeko lanak” egin, eta zehaztu dute Oinaurreko anbulatorioa eraikitzea “bateragarria” dela erdigunean anbulatorio handi berri bat sortzearekin. Finean, egungo Lapitzeko anbulatorioak betetzen duen funtzioa beteko luke Via Irun proiektuan kokatzen duten anbulatorio berriak, baina eraikin berri baten abantailekin eta zerbitzu gehiagorekin, hala nola, “osasun mentala, proba gehigarriak etab”. Baztertu egin dute Lapitzeko anbulatorioa handitzea, uste baitute ezingo lukeela espezialitate gehiago jaso ezta ere lehen arreta hobetu ere.
Xabier Iridoi alderdiaren bozeramaileak hainbat galdera egin ditu: “Zer ari da gertatzen? Zergatik ez dute nahi anbulatorio handi bat erdigunean? Nor ez da ari bere ardurak betetzen?”. Iridoirekin batera, Gorka Alvarez zinegotzi jeltzalea egon da agerraldian eta gogor adierazi du “konponbideak” nahi dituztela eta ez “erdibideko soluzioak”. Aipamen egin dio Lapitzeko anbulatorioa handitzearen ideiari. Era berean, udalak “blokeo” egoera ezarri duela salatu du, eta gogoratu du Via Irunen erdiguneko anbulatorio berria egitea egingarria dela 3 urtean “borondate politikoa” egonez gero. Adibide gisa jarri dituzte Zalla eta Durangoko erietxe berrien proiektuak.
Via Irungo lursailak lortzeko negoziaketa “hainbat erakundeen artekoa” dela presente dute jeltzaleek, eta, beraz, adostasuna lortzea luzerako joan daitekeela galdetutakoan, “borondate politikoa” izan dute berriro hizpide. Era berean, Via Irun proiektua ez aurrera ez atzera geratzekotan ea 8.000 m2-ko zein lursail dagoen erabilgarri erdigunean galdetuta, “badaudela” erantzun dute zehaztasunik eman gabe. Adierazi dute bilaketa lana Hirigintza departamentuarena dela, eta haiek badakitela lursail bat baino gehiago dagoela horretarako prest. Alvarezen esanetan, “guk Via Irunen kokatzen den proiektua babesten dugu”.
Bestalde, erdiguneko anbulatorio berria eta Oinaurrekoa aldi berean eraikitzea bateragarria izanda, ea zergatik ez diren Oinaurreko lanak martxan jarri galdetuta, “ezjakin” daudela azaldu dute eta “pandemiak eragina” izan duela ziur aski uste du Iridoik.
Behin behineko proposamenak
“Blokeo” egoera medio, eta EAJk lehen arreta hobetzeko duen “konpromisoa” kontutan hartuta, proposamen berri batzuk mahai gaineratu dizkiote Osasun Sailari, anbulatorio berria eraikitzen hasi bitarterako; haien arabera, hiru urterako. Proposamen hauek biharko plenoan aurkeztuko dituzte mozio alternatibo baten bidez.
Hala, Lapitzeko anbulatorioko zerbitzu batzuk behin behinean udalak hirian zehar dituen lokal batzuetara lekualdatzea proposatu dute. “Ikertu dugu hori eta udalak baditu lokalak hutsik lekualdaketa horiek egiteko”.
Bestalde, Dunboako anbulatorioko azken solairuan dauden osasun ikuskatzaileak bertatik mugitu, eta solairu horretan “bestelako osasun zerbitzu batzuk” eskaintzea ere proposatu dute. Modu horretan, bi anbulatorioak “itota egoteari” utziko diotela defendatu dute. Zerbitzuen lekualdatzea gauzatzeko udalari “konpromisoa” eskatu diote, betiere Osasun Sailak bere gain hartuta lokal horien egokitzapen lanak.