Kiroldegien kudeaketa publikoa eskatuko du biharko plenoan Elkarrekin-Podemosek
Aurreko agintaldian, udal gobernuan zirela, bi urte hauetan kudeaketa ereduak "ikertu eta eztabaidatu" behar zituzten, baina egin ez izana salatu du koalizio moreak.
Biharko osoko bilkuran, Irungo bi kiroldegiak kudeatzeko hiru urterako kontratu plegua eztabaidatu eta onartuko dute. Bide horretan, David Nuño Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak gogoratu du, Bidasoa XXI-k kudeatu izan zituela urte luzez 2012tik bi kiroldegiak, eta aurreko agintaldian udalak erreskatatu egin behar izan zuela ekonomikoki, “hiruzpalau hilabetero 300.000 euro jarri genituen”.
Kudeaketa mota hau “bideraezina” dela diote, eta PSE-EEk eta Elkarrekin-Podemosek osatutako aurreko agintaldiko koalizio gobernuan, horren gaineko eztabaidak eduki zituztela oroitu du Nuñok. “Gu oinarrizko zerbitzu publikoak kudeaketa publiko bidez egitearen aldekoak gara, eta uste dugu kirola oinarrizkoa dela”. Azkenean, bi urteko kontratu lehiaketa bat irekitzea erabaki zuten bi alderdiek, eta bien bitartean, bi urte horietan, udalbatzako alderdiek kudeaketa modeloa eztabaidatzea zuten asmo.
Eztabaida egin ahal izateko, kudeaketa ereduen ikerketa bat egitea eskatu zuen alderdi moreak. Ordutik, bi urte pasa dira eta ez dela ikerketarik ez eta elkarrizketarik egin gainontzeko alderdiekin salatu du Podemosek. Egun, BPX enpresak kudeatzen ditu bi kiroldegiak eta ohartarazi dute gainean dela kontratua bukatzeko epea, iraila, hain zuzen ere.
Biharko plenoan, kudeaketa pribatua proposatuko dute, eta aurreratu dute koalizio moreak kontra bozkatuko duela. “Kudeaketa pribatuak bukatu egin behar dira, herritarrei ez dielako mesederik egiten ordaintzen segitzea norbaitek negozioa egin dezan”.
Kudeaketaz gain
Horrez gain, 2019tik lan gatazka bat dagoela gogoratu du Nuñok. “Plantillak urteko soldata bat kendu zuen kudeaketaren zenbakiak bat etor zitezen”. Dena den, egungo erosahalmenenera ez direla iritsi salatu du bozeramaileak, eta problemak izan dituztela hitzarmena berritzeko azaldu dute.
Bestalde, kiroldegiko bazkidetzaren prezio igoera izan du hizpide, aurten %18 igo baita. Patronatua 2012an desegin zenetik eta kudeaketa pribatua denetik, etengabe aritu dela prezioa igotzen adierazi du Elkarrekin-ek.
Era berean, bai Artalekuk eta bai Azken Porturen azpiegituren gabeziez aritu da. Artalekuk “pena” ematen duela dio Nuñok, eta Azken Portun “ez daude martxan ezta dutxa guztiak” dio. “Inbertsio handiak egin behar dira eta ez dira egiten ari”.