Bioterraren 21. edizioa gero eta gertuago
Bioterrarako bi hilabete eta erdi geratzen diren honetan azokan landuko dituzten zenbait eduki aurkeztu eta landa sektorearen datu eguneratuak eman dituzte.
21. Bioterrarako bi hilabete eta erdi geratzen diren honetan (ekainaren 7tik 9ra egingo da) azokan landuko diren zenbait eduki aurkeztu dituzte. Gainera, Garikoitz Aiestak, Ekolurrak-eko (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) ordezkariak egungo datuak eman ditu.
Ekolurrakeko ordezkariak aipatu duenez, Euskadi urrun dago 2030 urterako Europan ezarri dituzten helburuetatik. 2030 urterako lurren %25a irizpide ekologikoen arabera lantzea da helburua, eta egun, Euskadiko lurren %5ak besterik ez du lanketa prozesu hori ziurtatzen duen ziurtagiria. Soilik 10.772 hektarea dira ziurtagiri hori dutenak. Hala ere, aurten %18ko hazkundea izan dela zehaztu du, 1.668 hektareak eskuratu zuten iaz zigilua. Ekoizle kopuruari dagokionez %3ko igoera jaso du kontseiluak, hau da, 51 profesionalek eman zuten izena ekoizpen ekologikoan. Bestetik, mahats eta harategien ekoizpen ekologikoa hazten ari diren sektoreetako bi direla azaldu du. Azken urtean animalien ekoizpenak %9,7ko hazkundea izan du, mahastizaintzak berriz %14ko igoera.
Europak ezarritako neurriak betetzeko “erronka” handia dela eta eskakizunak betetzeko instituzioek babesa ematen jarraitu behar dutela esan du Aiestak. Aldi berean, ekintzarako deia egin du. “Gizartearen zati esanguratsu bat oso kontzientziatuta dago ekologiari, ingurumenari, osasunari, bizimoduari eta elikadurari, baina ekintzarako dei bat egin behar da. Bertako elikagai ekologikoak bilatu eta erosi”.
Espazioaren %75a erreserbatuta
Bioterran ekoizpen ekologikoarekin, bio-eraikuntzarekin, energia berriztagarriekin eta kontsumo arduratsuarekin lotura estua duten enpresek parte hartzen dute. Dagoeneko espazioaren %75a erreserbatuta dutela jakinarazi du Maialen Gaztañagak, Bioterrako zuzendariak.
Azokan adibidez, Fahion Revolution erakusketa izango dute. Bioterran modari arreta berezia eskaintzen diote; izan ere, asko kutsatzen duen sektorea da. Modaren industria sistematikoki eraldatzeko intentzioarekin antolatu dute erakusketa. Jantzigintzako hondakinen kudeaketak dakartzan arazoak eta ekoizpen katearen fase horrek ingurumenean eta gizartean duten inpaktua azaleratuko dute bertan.
Azkenik, Surfrider Españak Bioterrarekin bat egin du aurten ere, eta, beren arteko harremana sendotzeko, hitzarmen bat sinatu dute. Ekaineko bigarren astean, beraz, Gipuzkoan filmatutako ikus-entzunezko zenbait piezen inguruko eztabaida saioak antolatuko dituzte. Halaber, ekainaren 1ean Donostian eta Deban egingo duten Zigarrotoi ekimenarekin bat egiteko deia egin dute. Zigarrotoian zigarrokinak jasoko dituzte.