Mapa interaktibo bat, hiriko arte urbanoa ezagutzeko
Irungo Udalak mapa interaktibo berri bat ezarri du Luis Mariano plazan. Bere helburua da hiriko sortzaile artistikoen arte urbanoa ezagutarazteko ibilbide bat proposatzea eta artelan horiek nabarmentzea.
Irungo Udaleko Sergio Javier Gazteria ordezkariak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak Luis Mariano plazan ezarri duten mapa interaktibo berri bat aurkeztu dute gaur goizean. Mapa interaktibo horrek Irungo sortzaile artistikoen bidez hiriko arte urbanoa ezagutarazteko ibilbide bat proposatzen du, eta hiria apaintzen duten artelanak nabarmentzea du helburu. Udaleko zinegotziekin batera, Irungo horma irudiak koordinatzen dituen GKo Gallery & Art Studioko Garikoitz Murua izan da agerraldian.
Mapa interaktiboa Luis Mariano plazan kokatu dute, Artaleku kiroldegira daraman igogailuaren ondoan. Orotara, 35 piezaz osatutako ibilbide bat proposatu dute, eta aire zabaleko museo bat balitz bezala erakusten du hiria.
Ibilbidea osatzen duten muralek estilo eta teknika ezberdinak uztartzen dituzte. Mural batzuk GazteARTEan Krea egitasmoaren barruan sortutakoak dira. Gazteria arloak kudeatzen du iniziatiba hori, eta bere xedea da hiriko artista gazteen lana sustatzea.
Mapak hainbat QR kode ditu, obren berri jakin nahi dutenek momentuan haiei buruzko informazioa eskuratzeko. Horrez gain, GazteARTEan sareko sorkuntzek artista bakoitzaren bideo lekukotasunak dakartzate, eta sorkuntza programa horren esparruan lan egiten izandako esperientziak kontatzen dituzte.
Muralez gain, mapak hiriko espazio publikoetako eta hirigintza obren barruko sortzaile artistikoak bildu ditu, Kultura arloak antolatutako egitasmo artistikoen bidez sortutakoak; hala nola, Ribera beka, Kontenporanea kultura garaikidearen topaketa eta Auzo Sortzaileak proiektua.
Mapa interaktibo berriari buruzko informazio guztia GazteARTEaneko atarian dago ikusgai.