Javier Ugarte kaleko zedroa erauzi eta bost zuhaitz landatuko dituzte
Egoera txarrean dagoen zedroa Carlos V. gaztelura igotzeko bidean dago. Lanak ostegunean burutuko dituzte.
Biharko egunez (osteguna da) Javier Ugarte kaleko zedroa erauzi eta kokaleku berean bost zuhaitz landatuko ditu Hondarribiko Udalak. Zedroa Carlos V. gaztelura igotzeko bidean dago. Udaletik egoera txarrean dagoela adierazi dute eta horregatik moztuko dutela.
Ostegunean, beraz, lanok egiteko Javier Ugarte kalea egun osoz moztuko dute. Dena dela, Paradoreko erabiltzaileek aparkalekua erabiltzen jarraitu ahal izango dute. Horretarako, Kale Nagusitik igo eta Bretxa ingurutik sartu beharko dute.
Zedroa kenduta Javier Ugarte eta Sabino Arana kaleen artean dagoen ezponda homogeneizatu eta eremua itxuratzeko bost zuhaitz landatuko dituzte. Autobus geltokiaren atzekaldean zehazki. Udan, besteak beste geltokiko erabiltzaileei itzala emateko funtzioa izango dute.