Teknologia berriek gazteengan duten eraginaz hausnartzeko, 'Gotti Burua!'
Aste honetan egin dute 'Gotti Burua!' taldearen aurkezpen ofiziala. Haurrek sakeleko telefonoak eraman beharrik ez izateko abiatu duten kanpainaren berri eman zuten bertan.
Hondarribiko guraso talde batzuk elkartu eta ‘Gotti Burua!’ izeneko taldea sortu zuten. Ordutik, zenbait sentsibilizazio kanpaina egin dituzten arren, aste honetan egin dute aurkezpen ofiziala. Talde honek Hondarribiko Udalaren eta bertako komertzioen babesa du.
Taldea osatzen duten gurasoen seme-alabak mugikorrak eta teknologia berriek duten eraginaz konturatzeko asmoz sortu zen ‘Gotti Burua!’, “guztiok dauzkagun kezkak mahai gainean jarri eta guztien arteko hausnarketa bat egiteko asmotan”.
Hil honetan sentsibilizazio kanpaina berri bat abiatu dute haurrek sakeleko telefonoak eraman beharrik ez izateko. Hondarribiko hainbat ostalaritza eta merkataritza saltokik egin dute bat ‘Gotti Burua!’ taldearekin eta datozen egunetan ‘Gurea erabil dezakezu’ ipintzen duen irudia herriko saltokietan ikusgai jarriko dute. Horiek ikustean haurrek saltoki horietako telefonoak erabili ditzaketela jakingo dute.
Orain artean zenbait kanpaina abiarazi dituzte. Gabonetan, adibidez, bideo bat grabatu zuten. Grabaketaren xedea haur eta gazteen mugikor erabilera ahal zen neurrian murriztea eta lehen sakelekoa eskuratzeko adina atzeratzea izan zen.
Aurrerantzean ere udalerriko ikastetxeetako gurasoek elkarlanean, saretuta, lan egiten jarraituko dutela adierazi dute, herritarren artean teknologia berriek gazteengan sortzen duten menpekotasunaren inguruan hausnartzen jarraitzeko.