Diego Yllanes hiltzailearen aztarna digitala ez ezabatzea ebatzi du Espainiako Auzitegiak
Ahaztua izateko eskubidearen gainetik informazio eskubidea dagoela ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Diego Yllanesek, 2008an Nagore Laffage irundarra hil zuenak, Espainiako Auzitegi Nazionalean salatu du “ahaztua izateko eskubidea” daukala eta Google bilatzaileak Laffageren hilketarekin lotutako albiste guztiak ezabatzea galdegin du. Auzitegi Nazionalak atzera bota du hiltzailearen eskaera, informazio eta adierazpen askatasuna gailendu egiten delako ahaztua izateko eskubideari.
2017ko ekainean aske geratu zen Yllanes, eta irten eta berehala eskatu zuen bere izenari eta Laffagen hilketari lotutako aztarna digital guztia ezabatzea. Hiltzaileak argudiatu zuen ez zuela sexu deliturik egin eta hainbat hedabidetan hala jaso zela. Yllanesi esan zioten albisteak zuzentzeko eska zezakeela, baldin eta albisteek datu okerrak baldin bazituzten. Auzitegi Nazionalaren arabera, Yllanesek ez du frogarik aurkeztu albiste horietako zehaztugabetasunei buruz
Izena duena bada
Auzitegi Nazionalak Yllanesen eskariaren gainean hartutako erabakia garaipen bat da indarkeria matxistaren biktima mortalen memoriarako. Asun Casasola, Laffagen amak berak bere izena daraman ipuin lehiaketaren 2023ko sari banaketan argi azaldu zuen: “Izendatzen ez dena, ez da existitzen eta Nagore existitu zen. Guk Nagore oroitzen segitzen dugu. Pentsa zenbaten jasan duten Nagorerena eta ez zaie izendatzen. Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen”.