Decathloneko langileek lanuzteak egingo dituzte larunbatean hitzarmen propioaren alde
Hitzarmen estatala baliatzen du kirol denden kateak, eta Irungo dendarako Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitutako propio bat eskatuko dute. Lanuzteak larunbat honetan egingo dituzte, goizean nahiz arratsaldean.
Decathlon enpresak hitzarmen estatala baliatzen du Euskal Herriko bere dendetako langileekin. Hala, autonomia guztietako langileek baldintza berberak dituztela salatu du ELA sindikatuak, errealitate sozioekonomiko eta sindikal ezberdinak aintzat hartu gabe.
Hego Euskal Herrian dagoen gehiengo sindikala ez dagoela negoziaketa mahaian ordezkatuta uste du ELAk, eta beraz, euskal langileen aldarrikapenak ez daudela bertan islatuta azaldu dute.
Bide horretan, soldata igoerak eskatzen dituzte KPIaren azpitik, baita gaixotasun arruntetarako prestazioetan atzera pausuak ematea ere. Horrez gain, urteko lanaldia 1770 ordukoa izatea oraindik nahi dute edota igande eta jai egunak araututa egotea, nahiz eta Hego Euskal Herrian ez diren egutegian lan egunak.
Eskakizun horiez aparte, langileriaren gehiengoa lanaldi murriztuan ari dela lanean azaldu du sindikatuak, eta kasu horietan lan ordutegietan malgutasun handia eta gehiegizko aldaketak pairatzen ari direla salatu dituzte. “Baldintza. guzti hauen ondorioa oso argia da: lan prekarietatea”.
Irungo Decathloneko langileek diote egungo lan baldintzek eragindako egoerarekin bukatzeko modu bakarra lan zentroko hitzarmena lortzea dela. Horretarako, prozesu bat jarri dute martxan zeinetan asanbladak egin dituzten, eta enpresari negoziatzeko nahia adierazi diote.
Mobilizazioak
Enpresak, ordea, “ezezko zorrotz” batekin erantzun diela adierazi dute, mahai batean esertzeko aukera bera ere ukatuz. Egoera horren aurrean, mobilizatzen hastea erabaki dute eta lan uzteak egingo dituzte datorren larunbatean martxoaren 23an, 12:00etatik eguerdiko 13:00etara, eta 18:00etatik 19:00etara. Enpresak jarrera aldatzen ez badu, ekintza gehiago aurreikusi dituztela aurreratu dute.