Korrika Txikiak Hondarribiko kaleak hartuko ditu ostiralean
10:00etan abiatuko da Korrika Txikia. Ordu horretatik aurrera trafiko mozketa izango da txikiek korrika gurutzatuko dituzten kaleetan.
Hondarribiko ikastetxeak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak Korrika Txikia antolatu dute ostiral honetarako. Goizeko 10:00etan Arma Plazatik abiatuko dira ikasleak. Kale Nagusitik jaitsi eta Sabino Arana kaleruntz egingo dute itzulia. San Pedro eta Santiago kaleak gurutzatu eta Santa Maria Maddalena kalean amaituko dute. 10:30etan erromeria egingo dute, ‘Gora bihotzak’ lelopean Korrika Txikiari “amaiera berezia” emateko asmoarekin.
Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, 10:00etatik aurrera trafiko mozketa izango da Korrikak eragina izango duen kaleetan. Eguraldi txarra egingo balu ekitaldia Jostaldi pilotalekura lekualdatuko litzateke.