Hirigintza planetarako, aldaketa klimatikoari aurre egiteko ordenantza proposamena
Irungo hirigintza planetan lehentasuna izango da aldaketa klimatikoari aurre egitea, euri urak iragazi beharrez edota hiriko berdeguneen korridorea bermatuz. EAEn garatu den era honetako lehen ordenantza da eta hilaren 22n eramango dute plenora.
Hirigintza planen garapen jasangarrirako ordenantza baten proposamena aurkeztu dute gaur Miguel Angel Paez Garapen Jasangarriko ordezkariak eta Borja Olazabal Hirigintza ordezkariak. EAEn garatu den mota honetako lehen araudia da eta aste honetako ostiralean (hilak 22) egitekoa den osoko bilkuran aurkeztuko dute. Dagoeneko udal alderdiek proposamenak egin nahi dituztela aurreratu du Paezek.
Ordenantzaren asmoa, aldaketa klimatikoari aurre egiteko irizpideek lehentasuna izatea da hirigintza planetan, baita ere berriro urbanizatzeko planetan edota dagoeneko aldaketa klimatikoari lotutako neurriak hartu behar diren inguruetan. Planari esker, ardatz horietan hartuko diren udal erabakiek segurtasun juridikoa izango dute, urbanizazio lanak egiteko irizpideak homogeneizatu ahalko dira, espazio publikoaren esanahia eguneratuko dute, Irun atsegina eta segurua izateko irizpideak ezarriko dituzte, eta hiri ehunak klima aldaketaren epe ertain eta luzeko ondorioen aurkako erresilientzia handiagoa izango du.
Paezen esanetan, tresna baliagarria izango da klima aldaketak dakarren erronkei heltzeko, tenperatura igoera edota itsasoaren mailaren gorakada, besteak beste. Ordenantzak hiria urbanizatzeko neurri, teknika eta materialak zehazten ditu, eta espazio publiko zein pribatuei eragingo die. Zirriborroa dagoeneko irakurgai dago udalaren orrialdean.
Planak, baina, badu beste helburu bat ere eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) begirakoa da, HAPOren irizpide eta oinarrien esparruan ordenantza batzuk prestatu beharra xedatzen duelako. Horrez aparte, araudi honekin 2050 Hiri Agendari eta Urban Klima 2050 proiektuei erantzungo die.
Ordenantza
Hiru ardatz nagusi ditu araudiak. Baga, espazio berdeak; biga, oinezkoentzako espazio libre zolatuak; higa, bide sareak eta aparkalekuak. Araudiak, guztira sei kapitulu ditu, eta lehenak xehetasun orokorrak biltzen baditu, bigarrenak hiru lan ildo nagusiak ditu hizpide. Horitan zentratu dira gaurko agerraldian.
I. ildoa: Espazio berde gehiago sortu nahi dituzte, hala nola, parkeak, lorategiak, berdeguneak, eta zuhaitz gehiago landatu. Oraingo arbola kopurua ez txikitzea jarri dute arau, eta erabiltzen ez diren espazioak berdetzea.
Zuhaitz gehiago landatzeari dagokionez, azaldu dute egungo urbanizazioei eragiten ez dien neurrian egingo dela. Bestalde, 3,5 metro baino gehiagoko zabalera duten espaloietan zuhaitzak landatzea plan urbanistikoen lehentasuna izatea proposatu dute.
Espazio berdeen korridorea osatu nahi dute hirian, lurraldea zatikatu gabe. Horrela, hiriko biodibertsitatea eta hiriko aireztapena hobetuko delakoan dira, eta aire hotza sartuko litzatekeela eremu jendetsuetan baieztatu dute. Horrez gain, Irungo “bero irlak” identifikatu eta horietan eragiten saiatu nahi dute korridorearekin.
II. ildoa: Oinezkoentzako espazio libre zolatuek klima aldaketaren kontrako erresilientzia handiagoa izan dezaten neurriak hartzea jarri dute irizpide. Hala, urbanizazio planen diseinuetan estres termikoa txikitzen laguntzea eta ur jarioa bideratzea izan beharko dute lehentasun. Horretarako, gainazal iragazkorrak sustatu beharko dituzte, ura pasatu eta gero berrerabili ahal izateko. Euri urak aprobetxatzeko mekanismoa izango da finean.
Uholdeak Irunen jada errealitate dira, hala nola, Bidasoa eta Behobia auzoetan, eta uholdeak gertatzeko arrisku pean dauden inguruneetan erresilientzia handitzea proposatu du udal gobernuak, “eurialdi bortitz, ugari eta hedatuagoetara egokitzeko”.
Hirigune ez berdeetan espazio libreak sortu nahi dituzte, “hiriak inklusiboa, segurua eta jasangarria” izan behar duela aintzat hartuta. Hori dela eta, oinezkoentzako ibilbideen irisgarritasun unibertsala sustatuko dute, zeina lotu-lotuta doana Hiri Jasangarrirako Mugikortasun Planari. (HJMP).
III. ildoa: bide sareei eta aparkalekuak ere presente izan dituzte ordenantza honetan eta “hiri ehunean” ibilgailu motordun gutxiago erabiltzea nahi dute. Kaleak autoen zerbitzura egoteari uzteko moduko diseinuak egitea eskatuko du araudiak eta distantzia laburrak oinez egiteari emango diote lehentasuna.
Aldiz, kalea oinezkoentzako bideak eta ibilgailuak bereizteko bezain zabala ez den kasuetan, erabilera mistoko plataforma bakarrak sortzea proposatu dute, hau da, galtzada eta espaloia maila berean egotea. Espaloiek 3 metro zabal izan beharko dute gutxienez, eta salbuespen kasuak egotekotan, horiek justifikatu egin beharko dira. Izan ere, karriken osotasunaren %50 oinezkoentzako izan beharko dute.
Aparkalekuek ere neurri batzuk bete beharko dituzte uraren iragazkortasuna bermatzeko eta zuhaitzak errespetatzeko: urbanizazio berriek, euri ura iragazi beharko dute, eta, 50 plaza dituzten parkingetan, zuhaitz bat izan beharko da aparkatzeko lau leku bakoitzeko.
Gaurko aurkezpenean azaldutakoa lerro batzuk dira eta proposamen zehatz guztiak zirriborroak kontsultatzeko gomendioa egin du udal gobernuak. Ordenantza hau, “iraultzailea” dela dio Paezek.