Txingudiko taldeek etxetik urrun jokatuko dute asteburuan
Emakumeen eta gizonen talde nagusiak eta 18 urtez azpiko taldeak Plaiaunditik at arituko dira bihar eta etzi.
Txingudi Errugbiko taldeak etxetik urrun arituko dira asteburu honetan. Emakumeen talde nagusiak ezin hobe hasi du ligako bigarren fasea, eta lidergoa mantentzeko helburuarekin lehiatuko dira igandean Getxon. Bidasoarrek Neskak Loratzenek, Getxok eta Mungiak osatzen duten taldearen aurka jokatuko dute, 12:00etan, Fadurako zelaian.
Gizonen lehen taldeak, aldiz, Donostiako Kote Olaizola estadioan jokatuko du bihar bere partida, Bera Bera B-ren aurka, 17:30ean. Donostiarrak sailkapeneko azken aurreneko postuan badaude ere, lehiakortasun handia erakutsi dute aurtengo sasoian. Bidasoarren helburua da gelditzen diren hiru partidetan sailkapeneko hirugarren postua mantentzea.
18 urtez azpiko taldeak, iragan jardunaldian liderraren aurka garaipena lortu ondoren, lider berria den Ordiziaren aurka jokatuko du bihar Ordiziako Altamira zelaian, 11:00etan.
Euskal selekzioa
Emakumeen talde nagusiko Zumendi Carok eta Maren Santacruzek 19 urtez azpiko Euskal selekzioarekin entrenatzeko deia jaso dute aste honetan. Caro deialdira itzuli da, eta honakoa izango da Santacruzen debuta Euskal selekzioarekin. 16 urtez azpiko selekzioan ere ordezkaritza izango du Txingudik, Aritz Arrieta eta Helene Tristan deituak izan baitira. Klubak jokalari gazteak zoriondu ditu, aurten egiten ari diren lanaren fruitua baitira Euskal selekzioan jokatzeko deialdiak.
Txingudi Korrikarekin
23. Korrika martxan da, Irunek atzo jaso zuen euskararen aldarrikapeneko lasterketaren irteera nagusia. Txingudi Errugbi Taldeak bat egin du Korrikarekin, eta 16 urtez azpiko taldeko jokalari diren Helene Tristanek eta Aritz Arrietak klubak egin zuen kilometroko lekukoa eraman zuten.