Olinpiaden bueltan, milaka istorio
Duela 36 urte antolatu zituzten aurrenekoz Hondarribiko Herri Olinpiadak. Ordutik hiru belaunaldi ezberdin izan dira bertan. Aro bakoitzeko antolakuntzan aritutako hiru kide elkartu ditu HITZAk.
Hil honen hasieran argazki erakusketa zabaldu dute Hondarribiko Herri Olinpiadetako Komite Olinpikoak eta Basque tabernak, elkarlanean. Horren harira, lehenengo generazioko Marta Kanpandegi, bigarreneko Oihane Bengoetxea eta hirugarren [egungo] belaunaldiko Urko Iridoyk olinpiaden antolaketaz, herri giroaz, helburuez, konpromisoaz, eta taldeen arteko gorabeherez mintzatu dira.
Hondarribiko Herri Olinpiadak 1987an antolatu ziren aurreneko aldiz, eta, lehen urtean ez ezik, gainontzeko ia guztietan aritu zen Marta Kanpandegi antolatzaile lanetan. Behar baten ondorioz sortu zirela kontatu du hondarribiarrak. Kostako herria izanik, udan bazegoen zer eginik herrian, baina gainontzeko hilabeteetan gazteek ez zuten propio egoteko lekurik. «Ez zegoen kiroldegirik, ez zegoen lokalik… Kaleko eserlekuetan elkartzen ginen», azaldu du. Urte haietan beste giro bat arnasten zen herrian. «Ez du ematen, baina beste giro bat dago orain herrian. Gu ez ginen ezagutzen orain ezagutzen zareten bezala. Giroa ezberdina zen». Testuinguru horretan, olinpiaden sorrera estuki lotuta dago herrian gaztetxe bat izateko eskaerarekin. Gazteek elkartzeko tokirik izan ez, eta gaztetxe bat lortzeko borrokatzen hasi ziren. Garai hartan Hernaniko Olinpiadak antolatzen zituzten, eta bilera horietako batera olinpiadak herrira ekartzeko ideiarekin azaldu zen Xinboren Alkain. Lehen urtean probek hiru hilabete iraun zituzten, eta hamabost bat taldek parte hartu zuten. Bigarren urtean, azarotik martxora «edo apirilera» arte luzatu zituzten, «baliabide primitiboagoekin, baina guretzat nahikoak zirenak».
Ia hamar urteko ibilbidearen ondoren utzi zioten olinpiadak antolatzeari. Zehazki amaitu ziren urtea oso argi ez badago ere, 1996. urte inguruan izan zela uste da. Kanpandegiren ustez olinpiaden gainbehera gutxinaka gertatu zen, aldaketa generazional batek eraginda. «Izan ere, gure beharrak ez ziren gure ondoren zetozenen behar berdinak». Behar hori ez sentitzerakoan antolatzeari utzi zioten.
Bigarrena eta hirugarrena
Bigarren aroa 2014an hasi, eta 2017an bukatu zen. Lehen bi urteetan izan zen Oihane Bengoetxea antolaketa taldeko kide. Haiek ere, gaztetxearen ideiarekin bueltaka zebiltzala azaldu du. Orduko hartan kuadrillak lokaletan biltzen ziren asteburuetan, eta ez zuten elkarren arteko harremanik izaten.
Gazte Asanbladatik Gazte Eguna eta Abordaia [irailaren 6an egiten zen] antolatzen hasi ziren, eta horietara kuadrilla asko gerturatzen zirela ikusi zuten. Asanbladako kide batek bere gurasoen garaian olinpiadak egiten zirela kontatu, «eta ea zergatik ez genituen egiten galdegin zigun». Hasieran asmoa zen lehen generazioko olinpiaden dokumental bat egitea, kuadrillek olinpiadak zer ziren jakiteko. «Gure beldurra zen beste kuadrillek pentsatzea guk [antolatzaileek] haientzat antolatutako zerbait zela. Orduan horregatik nahi genuen dokumentala egin, jakiteko zela kuadrillen artean antolatutako zerbait, kuadrillentzat». Azkenean alderantziz egin zuten. Aurrena olinpiadak, eta ondoren, dokumentala osatu zuten.
Lehenengo urtean lau proba egin zituzten, baliabide gutxirekin. Bigarren urterako, ordea, gauzak konplikatu zitzaizkien. 36 kuadrilla inguru apuntatu ziren, «500 pertsonatik gora izan ginen». Guztia antolatzeko udalari diru laguntza eskatu zioten. Horrek, aldi berean, burokrazia lan gehiago suposatu zuen, eta azken finean, lan gehiago. Gainbehera laugarren urtean izan zen, kuadrillen inplikazioa gutxitu eta talde motorrak ardura guztia bere gain hartu zuenean. «Azkenean erre egin ziren».
«Txaleko hori batzuk jantzi eta guk geuk mozten genituen karreterak».
Marta Kanpandegi. Lehenengo belaunaldiko kidea.
Kuadrillen artean kuadrillentzat antolatutako zerbait dira olinpiadak, eta horrek talde guztien inplikazioa eskatzen du. Bigarren arokoen esperientzia ezagututa hirugarren belaunaldiko antolatzaileek berebiziko garrantzia eman zioten inplikazioari. «Badakigu oso zaila dela jendea mobilizatzea, bilera bat egiteko edota proba bat antolatzeko eskatzea. Jendea oso eroso bizi da» azaldu du egungo Komite Olinpikoko Urko Iridoyk. 2023an hasi ziren Hondarribiko Herri Olinpiden hirugarren aroarekin, eta aurtengoa bigarren urtea dute.
Generazio honetako gazteen kasuan 2019an lortu zuten gaztetxea, baina zenbait hilabeteren ondoren, 2020an, Egiluz etxetik aterarazi zituzten. «Eta orain zer, bakoitza etxera?», pentsatu zuten. Gazteek argi izan zuten ez zela hala izango. Gazte Egunak antolatzen hasi ziren orduan, eta jendea antolaketan inplikatzen zela ikusteak harritu egin zituen. 2022ko festak bukatu zirenean bi edo hiru lagunen artean olinpiadak antolatzeko ideia izan zuten eta hurrengo egunean bertan martxan jarri ziren. «Zaila da jendearen inplikazioa lortzea, baina lortzen duzunean aprobetxatu egin behar duzu eta olatua hartu». Lehenengo urtean 25 kuadrilla aritu ziren. Bigarren urtean [aurten] 31 kuadrilla dira, iaz baino sei gehiago. Horien artean, gainera, 17 eta 18 urteko gazteak daude, «eta tope daude».
«Talde batzuk luparekin begiratzen zituzten puntuak eta azalpenak eskatzen zituzten»
Oihane Bengoetxea. Bigarren belaunaldiko kidea.
Gazteen inplikazioaren hariari tiraka Iridoyk batzuetan jendea «behartzen» ari direla sentitzen dutela adierazi du, baina seriotasun hori beharrezkoa dela uste du. Kuadrilla guztiek, gainera, urteko lehen bileran eskakizun eta betebehar horiek guztiak onartu zituztela gaineratu du. Kanpandegiren ustetan haien garaian orain baino serioagoak ziren. «Hauek hippy batzuk dira», bota du barrez. 1990ko hamarkadan talderen bat inplikatzen ez bazen, penalizazio bat izaten zuen. «Guk fidantza bat jartzen genuen, eta ez dakit dirua kentzen genuen edo puntuak kentzen genituen».
Aro bakoitzak bere xarma propioa izan du, eta belaunaldi bakoitzeko kideek bat egin dute nork bere olinpiadak nolakoak izan behar duten deskubritzen joan behar direla, momentu bakoitzean gazteriak dituen beharrak kontuan hartuz eta kuadrillak «zertarako dauden prest» ikusiz.
Olinpiadetako giroa, euskalduna
Olinpiaden inguruan giro berezia sortzen da herrian. Hasten direnean kuadrillen artean ia «gai bakarra» bihurtzeraino. Kanpandegiren garaian ere probek izugarrizko giroa sortzen zuten herrian. Taldeen artean apustuak, afariak, juergak… egiten zituzten, eta probak Prycako orga batean jarritako bafle batekin alaitzen zituzten. «Astebururo zen jai».
Hasiera-hasieratik helburua garbi izan zuten belaunaldi guztiek. Kalea hartu, gazteentzako espazio bat sortu, eta hori guztia euskaraz egin nahi zuten. Olinpiadetako bilera guztiak eta komunikatu guztiak euskaraz egiten dituztela kontatu du Iridoyk. Hala ere, kontziente dira egungo generazioari euskaraz bizitzeko eskatzea ia ezinezkoa dela. Haatik, aisialdiaz euskaraz gozatzeko espazio bat sortu izanagatik pozik da.
Euskal giroa hauspotzeko, Bengoetxearen belaunaldiaren kasuan, proben ondoren triki-poteoak antolatzen hasi ziren, eta «izugarrizko exitoa» izan zuten. Hirugarren aroan triki-poteoak txarangengatik aldatu dituzte. «Ez dakit ez ditugun hamar bat txaranga izan dagoeneko». Kanpandegiren garaian, berriz, guztia euskaraz egiteaz gain, herri kirolekin edo bertsoekin harremana zuten probak antolatzeari ekin zioten.
Proba olinpikoak
Urtero-urtero badaude errepikatzen diren proba batzuk. Beste batzuk, berriz, berriak izaten dira. Lehen belaunaldiko olinpiadetan futbola, saskibaloia, pala, luzera jauzia, mendi proba, txintxorro lehiaketa, musika grabaketa, herri kirolak, biatloia edo txirrindularitza proba antolatu zituzten, besteak beste. Bengoetxeak kontatu duenez, bigarren generazioek antolatutako proba gehienak lehenengo olinpiadetan oinarritutakoak edo «oso antzekoak» izan ziren. Hala nola, txintxorro estropadak, herri kirolak, mendi proba, edo hondarrezko irudien lehia egin zituzten. Egungo olinpiaden kasuan, ordea, jarduerak zeharo ezberdinak dira. «Kartelean, adibidez, herri kirolak jartzen du, baina gero ez dago benetako herri kirolik. Lau joko txoro dira». Badaude, ordea, hiru arotan errepikatu direnak, hala nola paella txapelketa edota parodia ospetsua.
Proba horien guztien artean badaude zenbait askoren memorian iltzaturik geratu direnak. Iazko Fairy proban gertatutakoak adibidez, ez zaizkio inoiz ahaztuko Iridoyri. Hainbat ezbehar gertatu ziren bertan; sudur hautsi bat, dislokatutako sorbalda bat, eta bi pertsonaren arteko buruz buruko talka bat. Kanpandegiri oroitzapen goxo bat etorri zaio burura. «Araututako martxa deitzen zen proba egin genuen behin, eta arratsaldean proba sorpresa bat egin genuen. Zezen mekanikoa. Mundiala izan zen!». Bengoetxeak, proba bat aukeratzekotan, mendi probaren alde egin du, baina proba horien bueltan sortzen zen giroa nabarmendu du. «Gogoan dut lokaletan egoten ginela handik atera gabe. Olinpiadetan kuadrillen arteko giro hori deskubritu genuen».
«Zaila da jendearen inplikazioa lortzea, baina lortzen duzunean aprobetxatu egin behar duzu eta olatua hartu»
Urko Iridoy. Hirugarren belaunaldiko kidea.
Probak antolatzeko erraztasunen eta segurtasunaren aldetik gauzak asko aldatu dira. Gaur egun baimen eta burokrazia lan handia dago proba bakoitzaren atzetik. Baimenak eskatzerako garaian hainbat erakunde inplikatu behar izaten dira, eta horrek guztiak, gainera, kostu bat izaten du. Kanpandegi: «Gure garaian gauzak askoz ere errazagoak ziren». Biatloiaren probaren adibidea eman du: «Txaleko hori batzuk jantzi eta guk geuk mozten genituen karreterak udaltzainak izango bagina bezala». Baimenez hizketan, Bengoetxeak argi du proba xumeagoak egin izan balituzte gehiago iraungo luketela. «Geroz eta gauza konplikatuagoak egiten joan ginen, eta geroz eta baimen gehiago, geroz eta diru gehiago…».
Pikeak eta tranpak
Kanpandegiren taldeak Bixi-bixi izena zuen, Bengoetxearenak Putteruan alabak, eta Iridoyrenak Amonan xalda berua. Lehen aroko olinpiaden azken urteetan beste kuadrilla batzuetako kideekin elkartu eta Attahualpa taldearekin lehiatu zen Kanpandegi, baita Txupalangain taldearekin ere. Bengoetxeak talde berria du. Bost kuadrillatako jendearekin Goiz oilandak taldea osatu zuten iaz. Amona xalda berua taldearen kasuan taldea bitan banatu dute, Txikhotia taldea sortuz. «Banaketa oso guay dago gure artean pikea sortzen delako». Jardunaldien aurretik, gainera, bazkaria egiten gure olinpiadetako giroan sartzen hasteko. «Pike sanoa?» galdetu dio Bengoetxeak. «Batzuetan», erantzun dio Iridoyk, barrez. Taldeen arteko pikea betidanik existitu bada ere, azken edizioan oso nabarmena izan da. Taldekideak bata besteekin sartzen dira, memeak egiten dituzte… baita banderak lapurtu ere. «Talde batek bandera lapurtu digu eta ez digu oraindik bueltatu», salatu du txantxa tonuan Amonan xalda berua taldeko kideak.
Saltsa egotea beharrezkoa dela iritzi dute denek, beti ere errespetu giroan. «Oso marra fina izaten da», zehaztu du Kanpandegik. Putteruan alabak taldea ez zen bereziki talde konpetitiboena izateagatik bereizten. Beste batzuk, ordea, bazirela gogoratu du Bengoetxeak. «Talde batzuk puntuak luparekin begiratzen zituzten eta azalpenak eskatzen zituzten. Helburua ez da irabaztea edo zeinek dauzkan puntu gehien. Noski horrek lehia hauspotzen duela eta ondo dago, baina uste dut hori ere kontrolatu beharra dagoela». Olinpiada herrikoiak direla-eta tranpak proba guztietan izaten direla argi dute denek, baina horiek «noiz eta nola» egin jakin behar dela. «Txupalangain taldea olinpiadetako helduenek osatu genuen eta tranpak egin genituen. Horiek guztiak parodietan azaldu genituen».
«Ondo ari zarete», esan dio Kanpandegik Iridoyri. «Gozada bat da ikustea jendea kalean, eguraldiagatik kezkatuta…». «Bai, denak koloretako kamisetekin, banderekin…», erantzun dio Iridoyk. «Eta herrian bertan», gehitu du Bengoetxeak. Olinpiaden bidez gauza asko lortu dituzte gazteek. Hirugarren belaunaldi honek luzez jarrai dezala.