Miguel Angel Paezek Bidasoa Biziriken presidente kargua utzi du
Hemezortzi urtez garapen agentziako buru izan ondoren, dimisioa aurkeztu du irundarrak. Nuria Alzaga izango da Paezen ordezkoa Bidasoa Biziriken buruzagitzan.
Hemezortzi urtez Bidasoa Biziriken buru izan ondoren, Miguel Angel Paezek presidente karguari uko egin dio. Garapen agentziak jakinarazi du erabaki hori Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan parte hartzeari zor zaiola, onartu baitu lanpostuan jarraitzeak hauta ezintasuna ekar diezaiokeela, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 legean xedatutakoaren arabera.
Paez azken hamahiru urteetan etenik gabe izan da Bidasoa Biziriken presidente, eta aitortu du “oso eskertuta” dagoela garapen agentziako buru izateko beregan jarritako konfiantzagatik. “Erronka eta erantzukizun berriak hartzeko unea da orain”, esan du.
Paezen dimisioarekin, etapa berri bat hasiko da Bidasoa Biziriken. Administrazio Kontseiluak bere “esker ona” adierazi dio presidente izandakoari agentziaren kudeaketan izandako “dedikazioagatik, lanagatik eta eraginkortasunagatik”.
Paezek, dagoeneko, badu bere ordezkoa Bidasoa Biziriken buruzagitzan: Nuria Alzaga Martinez. Garapen agentziak ongietorria eman dio Alzagari, eta “beregain” hartu du “eskualdearen garapena bultzatzen eta etorkizuneko erronkei erabakitasunez eta etorkizuneko ikuspegiarekin aurre egiten jarraitzeko erronka”.