'Arnasa betean' dokumentalaren proiekzioa, igandean
Emakume zinemagileen lana erakustea du helburu 'Arnasa betean' dokumentalaren proiekzioak. 19:00etan izango da, Amaia KZn.
Irungo Udalak antolatu duen Dokuirunen hurrengo saioa igandean, martxoak 17, izango da. Oraingoan, ‘Arnasa betean’ dokumentalaren proiekzioa izango da, eta helburua emakume zinemagileen lana ezagutaraztea da.
Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendik egindako dokumentalak emakumeek egindako zinema aldarrikatzen du, eta, horretarako bidaia bat egingo dute Estibaliz Urresola, Helena Taberna, Isabel Herguera edota Lara Izagirre emakume zinemagile euskaldunen istorio eta filmetan zehar. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da Zufia eta Gaztelumendi zuzendariekin.
Bertaratzea errazte aldera, proiekzioa eta ondorengo solasaldia egin bitartean, 4 eta 12 urte arteko haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko da Erdialdeko Haurtxokoan. Sarrera 18:45ean izango da, eta izena emateko epea gaur, eguerdiko ordu bietan amaituko da.
Dokumentala gaztelaniaz izango da, 19:00etan Amaia KZn, eta bertara joan nahi izanez gero, sarrerak dohain eskuratu daitezke Amaia KZren webgunean edo txarteldegian eta Luis Marianoko turismo bulegoan.