Nora Izagirre: "Institutuan egiten genuena herrira gerturatu nahi genuen"
Aurreneko aldiz antolatu dute Korrika Gaztea Hondarribian. 14:15etan San Juan de Dios biribilgunetik abiatuko dira gaur herrirantz. Santa Maria Madalena plazara 14:30erako iristea aurreikusi dute.
Nora Izagirre Talaia eskolako zuzendariordea da eta aurten Korrika Gaztea antolatze lanetan ibili da Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako ordezkariekin batera.
Nolatan pentsatu zenuten Korrika Gaztea antolatzea?
Pentsatu genuen hemen [Talaia institutuan] egiten ziren ekintzak baino, akaso, efektiboagoa izango zela herrian agertzea Korrikari gure atxikimendua. Horregatik nahi genuen hemen egiten genuena gain herrian erakutsi.
Zer da bada eskolan lantzen duzuena?
Normalkuntza batzordea dugu euskararen normalizazioa bultzatzeko, eta batzorde honetan euskarazi dagozkion hainbat gai lantzen dira, tartean Korrika. Argi genuen institutuan presentzia eman nahi geniola eta jarduera ezberdinak pentsatzen hasi ginen. Jarduera batzuk izan daitezke, adibidez, unitate didaktiko bat lantzea gela barruan, tutoretzan, edo oraintxe bertan mural bat margotzen ari dira Korrikako lemarekin. Hainbat jarduera prestatzen ari ginen ni hor tartean nintzelarik. Orduan, guzti honi, herrira gerturatzeko ideia gehitu nahi izan genion.
Hiru eskolen artean antolaturiko zerbait izan da. Elkarlana nolakoa izan da?
Lehenengo egin genuena izan zen udalarekin harremanetan jarri, Euskarako zinegotzi den Garoa Lekuonarekin, eta proposamena plazaratu genion. Hasiera batean Korrika Txikia egiten zela esan zigun, baina hori Korrikak berak antolatzen zuela. Hau gure aldetik egin dugun zerbait da. Garoak baiezkoa eman eta Santa Maria Madalena plazan kontzertuak egiteko baliabideak jarriko zituela esan zigunean gainontzeko institutuekin harremanetan jarri ginen, eta arduradunekin gauzak adosten joan ginen.
Elkarlan horretan gazteek zein paper izan dute?
Alde batetik gazteek parte hartzeko ekintza bat da. Oholtza gainean protagonismoa izango dute. Ikusiko dugu nola ateratzen den. Xumea, baina aldi berean polita izango dela uste dut. Badaukagu irakasle txalapartari bat, eta ikasleei abesti pare bat erakusten ari zaie. Gero, bigarren batxillergoan bertsolari bat dugu Ipar Euskal Herritik etorri dena. Ikasle musikariak jotzera animatu ditugu… Xume baina duin eta polita geratzea espero dugu.
Zehazki ze jarduera egongo dira Maria Madalenan 14:30etik aurrera?
Hasteko txalapartariak ongi etorria emango dio Korrika Gazteari. Gero hiru edo lau bat abesti joko dituzte ikasleek, eta bukatzeko bertsolariak abestuko du. Tartean DJ bat egongo da abestiak jartzen.