Irun, prest 23. Korrikarako
Irun euskaltzaleen foku bilakatuko da gaur. Goizeko 11:30etik aurrera lehertuko da harro herriaren festa hirian.
Urduritasuna da nagusi gaurko egunean bai Irunen, bai Bidasoan eta bai Euskal Herrian. 23. Korrika hastera doa, Irundik Baionarat, eta gaur goizean azken prestakuntza lanak egiten ari direla ikus daiteke Irungo karriketan. Esaterako, San Juan plazako oholtza, lekukoa abiatuko den leku enblematikoa oraintxe ari dira muntatzen.
Erlojuetan alarmak jarri, 15:30ean ekitaldi nagusia egingo baita San Juan plazan eta hunkigarria izango dela agerikoa da. Hitz hartuko dute Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak, Aize Otaño AEK-ko Artezkariak eta Beñat Alzaga Bidasoko AEK-ko zuzendariak. Ez da ohiko formatuan izango hitzaldia, musikak protagonismo handia izango du, baina xehetasun guztiak ezagutzeko bertan egotea da hoberena.
Ondoren, 16:00etan, 23. Korrika abiatuko da. Lehen kilometroa Bidasoko AEK-ko sei irakaslek eramango dute. Plazatik Nafarroa hiribidea jaistera joango dira, eta bertatik, Uranzu kalean sartuko dira. Bertan Mosku Euskalduna kilometroa egingo da. Bi kilometro geroago, Irungo alkate Cristina Labordaren txanda izango da.
16:23an sartuko da Korrika Hondarribira, eta 24. kilometroa Oarso Bidasoko HITZArena izango da, 16:49ean. Zehazki, Sabin Arana kalean. Herri berdea igaro ondoren, Irunera itzuliko da Korrika, Hendaiako norabidean. Santiago zubia zeharkatzea betidanik izan da momentu berezia Korrikaren historian, eta aurten ere hala izango da. Lehen aldiz, Irungo eta Hendaiako AEK-k lekukoa eraman beharrean, Irungo Harrera Sareak, Bidasoa Etorkinekin, Hendaiak Koop, Hendaiako Gaztetxea eta Mintzaian elkarteak eramango dute.
Egun osoko festa
Arratsaldera arte, baina, esperoa ez da aspergarria izango. Korrika egiten lehenbizikoak Irungo ikastetxeetako 3. eta 4. DBHko ikasleak izango dira. Eusliderrekin batera antolatu dute Korrika Gaztea, eta Hondarribia kaletik irtengo dira 11:00etan. Zabaltza plazan bukatuko dute itzulia.
Ondoren, kale animazioak bereganatuko ditu kaleak. Bi gune izango ditu gaurko festak: San Juan eta Urdanibia plazak. Lehen jarduera artisau azokaren irekiera izango da Moskun dagoen Ospitale Zaharrean, 11:30ean. Bertan izango da ere HITZAren txokoa.
Udaletxea dagoen tokian, 11:30ean bertso-poteoa hasiko da, Karrika Nagusiko Korrika babesleen tabernetan zehar. Oren bat geroago, 12:30ean, ondoko Almudena Grandes plazatxoan muxikoak dantzatzen arituko dira Txingudiko Pentsiodunen proposamenez.
Momentu berean irekiko dituzte Moskun ere hiru txosnak. Irundarrek Irun herri harroa dela azarotik erakutsi badute, gaurkoa erakustaldi handia izango da, denen inplikazioarekin betebeharren txanda guztiak bete direlako. Mokadua jateko parada izango da txosnagunean Larrea janari prestatuak elkartearen eskutik. Jantokiak ere prestatu dituzte Kontrakalea kaleko Motor eta Mendizale elkarteetan, 12:30etik 15:15era.
Korrikak Bidasoa atzean uzten duenean, kontzertuen txanda izango da. Guztiak Urdanibia plazan izango dira eta giroa berotzen lehenak Burrunba elektrotxarangakoak izango dira; segidan, Esne Beltza igoko da oholtzara 19:30ean; ekitaldia ixteko, Bad Sound System eta lagunek jarriko dute plaza dantzan.
Nola iritsi Irunera
Egun berezia da gaurkoa Irunen, baina garraio publikoak ohiko ostegun bateko ordutegiari eutsiko dio. Hartara, Irunera iristeko hamaika bideen artean, Euskotren, Renfe edota Lurraldebus konpainien zerbitzuak martxan egongo dira. Errepidea itxita egongo da Irun erdiguneko hainbat karrikatan Korrika pasa bitarte.
Autoz etortzeko hautua egiten dutenentzat Ficobako doako aparkalekua irekita egongo da kotxea aparkatzeko, 08:00etatik 22:00etara. Aldiz, kotxea ateratzeko 22:00etatik aurrera ere aparkalekua irekita egongo da.
Puntu morea
Korrika festa gune segurua dela bermatu nahi du AEK-k. Hartara, puntu morea aktibatuta egongo da egun osoan zehar. Gainera, telefono zenbaki bat ere martxan izango da erasoren baten aurrean laguntza behar izatekotan: (+34) 747 408 469. “Korrikan ez da inolako jazarpenik onartzen: ez matxistak, ez sexistak, ez homofoboak ez arrazistak… ezta inor edonola gutxiesterik ere”.
Ondokoak, gaur goizeko prestaketa lanen hainbat irudi dira:
- 11:00etan: Korrika Gaztea
- 11:30ean: Bertsopoteoa San Juan plazatik abiatuta. Korrika babestu duten tabernetatik pasako dira.
- 11:30ean: Euskal Herriko Artisauen azoka.
- 12:30ean: Muxikoak Txingudiko Pentsiodunen eskutik
- 12:30ean: Txosnen irekiera.
- Jantokiak, 12:30etik 15:15era: Irungo Mendizaleak eta Motor elkarteak.
- 15:30ean: Ekitaldi nagusia.
- 16:00etan: Korrikaren irteera.
- 17:20ean Korrikak Irun atzean utziko du Santiago zubia zeharkatuz.
- 17:30ean: Kontzertuen hasiera.
- 17:30ean: Burrunba elektrotxaranga.
- 19:30ean: Esne Beltza.
- 21:30ean Bad Sound System eta Lagunak.
- Txosnak irekita.