Hondarribiko gazteek ere euskaraz bizi nahi dute
Eguerdiko 14:15ean abiatu da Hondarribiko Korrika Gaztea. Bero handiarekin, baina ilusioz beterik egin dute bidea.
Hondarribiko gazteek ere aurre hartu diote korrikari. Eguerdiko 14:15ean irten dira San Juan de Dios biribilgunetik herrirantz. Egiten zuen beroa baino handiagoa zen gazteen ilusioa eta gogoa. Irrifartsu ekin diote hiru eskoletako ikasle eta irakasleek Korrika Gazteari. Bidean zehar “Hemen gaude euskararen alde” oihukatu dute. Azkar batean heldu dira Santa Maria Madalena Plazara eta bertan txalapartaren hotsek jaso dituzte. Bertan, Igor Enparan alkateak eta Garoa Lekuona Euskara zinegotziak egin diete harrera. “Eskerrik asko ekimen honengatik azken batean zuena baita” esan du alkateak. Hondarribiko Udalarentzat ekimen hau oso garrantzitsua dela adierazi du. Korrika bi urtero igarotzen da herritik eta euskara babesteko ekimen hau antolatu izanak “harro” sentiarazi ditu. Garoa Lekuonak egungo datuen berri eman die gazteei: “100 pertsonetik 72 pertsonek dakite euskaraz, baina 16k egiten dute” eta herrian 16:15etik aurrera Korrikan lekukoa hartuko duten guztiei errekonozimendua egin die. Ondoren, gazteen txanda izan da. Lehenik, hiru abestiko kontzertu bat eskaini dute 11 gazteek osaturiko talde batek; Lau teilatu, Heldu da garaia eta Ilargia abestuz. Jarraian, Jakes Txapartegik bi abesti jo ditu pianoan. Haren atzetik irten dira Ariane Alza eta Uxue Larruskain oholtzara eta Pinpilinpussy taldearen abesti bat interpretatu dute. Beste ikasle batzuk Haizea lekuonaren agur bertsoa abestu dute eta ekitaldiari amaiera emateko Marcos Fernandezek DJ lanak egin ditu.
Hona hemen eguneko zenbait argazki: