Abiatu da 23. Korrika!
Hizkuntza politika "ausartak" galdegin dituzte euskal komunitatearen parte izan nahi duen ororentzat.
Harro herri lelo pean abiatu da Irungo San Juan plazatik 23. Korrika, 16:00etan punttu-punttuan izan da. San Juan plaza zientoka herritarrez beteta egon da. Lehenengo kilometroa Idoia Genua eta Mattin Sorzabalbere Irungo AEK-ko irakasleek egin dute.
Aize Otaño Artezkaritzako kideak hartu lehen hitza, eta euskarak emandakoak izan ditu hizpide: “Jasa izena eta izana nituen, nortasuna eta identitatea. Eta inguruari erreparatu nion, eta zorionez jabetu nintzen ez nengoela bakarrik, ez nintzela bakarra, baginela, bagarela. Eta harro nago nire nortasuna eraiki izanaz, identitatea garatzeko prozesuaz. Eta harro nago nire komunitateaz, nire kideez; hau da, gure herriaz, gure nor izateko moduaz. Eta hori guztia euskarak eman dit, euskarak eman digu”.
Beñat Alzaga eta Ane Elordi Irungo AEK-ko eta Euskal Herriko AEK-ko ordezkariek euskara hutsean ezin bizitzeaz aritu dira. “Euskararen herriak, euskaldun herriak, Euskal Herriak– euskaldunok, azken finean– segitzen dugu bigarren mailako izaten; zapalduak, gutxituak, alegia”.
Eskubide kolektiboak “urratzen” ari direla salatu dute “aldiro-aldiro”. Adibide gisa jarri dute euskararen eta euskal hiztunen “kontrako oldarraldia, azken boladan areagotua”. Adierazi dute “hortzak erakusteko” garaia dela, baina hortzak modu askotan erakuts daitezkeela azaldu dute. “Guk, gaur eta hemen, bestela egingo dugu; gaur egun handia baita euskal komunitate osoarentzat”.
Euskal Herri osoa zeharkatuz “gure irribarre handienak” erakusteko deia egin dute, “alaienak” eta hori guztia “harro gaudelako” izatea eskatu dute. “Gu garelako. Hemen, oholtzan, AEKren Artezkaritza Kontseilua eta Irungo AEK-ko kideak, baita Euskal Herri osotik etorritako ehunka euskaltzale ere plazan”.
Elkarrekin daudela esan dute bi ordezkariek eta lekukoa eskuz eskuz pasatzen ari den heinean, “irribarre harroena, herri bulkada, herri nahia” lau haizeetara zabalduko dute. Asmoa, mundu osoan ikustea “han eta hor, badela herri bat, euskararen herri harroa, euskaldunon herri harroa, euskarak marrazten duen herri harroa”.
Herri harroa ez dela “utopia” aldarrikatu dute, ez eta imajinaezina, “lorgarria da” esan dute. Hori lortze bidean, hizkuntza politika “ausartak” galdegin dituzte euskal komunitatearen parte izan nahi duen eta den osoarentzat. Hartara, “berdintasun printzipioa” aldarrikatu dute, euskaraz “eroso” bizi ahal izateko.
Elordik mezua sartu du lekukoan eta abiatu da 11 egun iraungo dituen Korrika, Baionarat ailegatu arte.
Jarraian, 23. Korrikaren hasierako une horien argazki sorta eta bideoa.