Mikromezuen sari banaketa, etzi
Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguna hautatu dute sari banaketa egiteko. Udaletxean izango da, 18:30ean.
Irungo udaletxean egingo da etzi mikromezuen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, 18:30ean. Martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguna delako hautatu dute sari banaketarako ostiral honetako eguna. Bertan izango dira alkatea eta Sergio Javier Kontsumoko ordezkaria.
Mikromezuen lehiaketa “gazteen artean kontsumo arduratsua sustatu eta sendotzeko” sortu zuten eta ekimen horren balioa “goraipatu du” Javierrek. Eskerrak eman dizkie ere parte hartu duten ikastetxeei, kontsumo arduratsuaren aldeko konpromisoa erakutsi dutelako. “Gazteek ekarpen handia egin dute: hitz gutxi erabiliz asko esaten dakite”.
Izan ere, mikromezu sariketa hiriko ikastetxeentzako ekimen bat da, belaunaldi berriak “kontsumo arduratsuaren inguruko jardunbide egokien inguruan sentsibilizatzea” duena helburu, eta, horretarako, parte hartzaileek dagokion leloan inspiratutako mezuak sortu behar dituzte; aurten, Bost zentzumenekin kontsumitu leloan inspiratutakoak. Euskarazko eta gaztelaniazko kategoriak daude, eta bigarren saria erloju inteligente bat da, eta lehenengoa, ordenagailu eramangarri bat.
Guztira, 61 lan aurkeztu dira, Eguzkitza DBH, San Vicente de Paul, Erain, Eskibel, Irungo La Salle, Txingudi, Hirubide eta Toki Alai ikastetxeetako ikasleenak, eta, lau sariez gain, hamar opari txartel banatu dira, Txingudi merkataritza gunean eta Uvesco supermerkatuetan erabiltzeko, eta bost entzungailu joko.
Cristina Labordak emango dio hasiera ekitaldiari, 18:30ean. Lehenik, Bidasoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileek Elkarteko zuzendari Belen Martinezek accesitak banatuko ditu. Lehenengo sariak, berriz, Labordak eta Javierrek banatuko dituzte. Azkenik, irabazleek talde argazkia egingo dute.